Itxi

Athletic Club

Ohiko Batzar Nagusia

Urrutiak babes handia lortu du Ohiko Batzar Nagusian

Agentziak | Erredakzioa

Kepa Arrizabalagaren saldu ondoren, aurreikuspenen arabera, 60 milioi euroko superabita izango da 2018/19 denboraldian. Aurrekontuak onartu dituzte, baina presidenteak ez du bere etorkizuna argitu.

  • Josu Urrutia 2018ko Batzar Nagusian

    Josu Urrutia 2018ko Batzar Nagusian

Josu Urrutia Athletic Club taldeko presidenteak babes handia lortu du denboraldi honetako aurrekontua onartzeko, % 80 ingurukoa, hain zuzen ere. Athletic Clubeko presidente denetik zuzendu duen zortzigarren Batzar Nagusia izan du honakoa, 4 urteko bigarren agintaldiaren azken.

Hasieran Urrutia bere aroari amaiera ematen ari zela bazirudien ere, azken momentuan bazkide bati emandako erantzunak ez du argi utzi etorkizunerako zein asmo dituen. Beraz, oraindik ez dakigu 2019ko hauteskundeetara aurkeztuko den.

Ohiko Batzar Nagusian, bazkideek 2017/18ko kontuak onetsi dituzte, botoen % 78,7 aldekoak izan baitira, eta 2018/19ko aurrekontuek bazkideen % 78,21en babesa jaso dute. Aurreko denboraldiko kontuek aldeko 484 boto eta aurkako 95 boto jaso dituzte, eta denboraldi honetako aurrekontuek, aldiz, 481 alde eta 92 kontra.

2017/18 denboraldian, 111,97 milioi euroko gastuak eta 191,01 milioi euroko sarrerak izan zituen Athleticek, Manchester Cityk Aymeric Laporte fitxatu zuenean ordaindutako 65 milioi euroak tartean.

2018/19 denboraldirako aurrekontua 128,9 milioi eurokoa izango da, eta 60 milioi euroko superabita espero da (Chelseak udan Kepa Arrizabalaga fitxatzeko ordaindutako 80 milioi euroak kontuan hartuta).

Kirol arloan, Urrutiak azken urteetan taldeak izandako lorpenak azpimarratu ditu: 6 urte Europan jokatzen (horietako bat, Txapeldunen Ligan), 2015ean Bartzelonaren aurka irabazitako Superkopa, Kopan jokatutako bi finalak eta 2012an jokatutako Europa Ligako finala.

Amaitzeko, ekonomia arloan, kluba "historiako momenturik onenean dago", gaineratu du.