Itxi

Athletic Club

Gaur, 21:00etan

Egoerari buelta emateko prest egingo du debuta Garitanok Ligan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

San Mamesen du hitzordua entrenatzaile zuri-gorriak, Gironaren aurkako norgehiagokan, Athleticek jokatutako Ligako azken neurketan Levanteren aurka 3-0 galdu ostean.

  • Gaizka Garitano. Argazkia: EFE

    Gaizka Garitano. Argazkia: EFE

San Mameseko zaleek Gaizka Garitanoren debuta ikusiko dute gaur, 21:00etan, Gironaren aurkako Ligako neurketan, lehen taldeko entrenatzaile gisa estreinatuko baita.

Arestian aipatutako txapelketan jokatutako azken partidan, Levanteren aurka jasotako porrotean (3-0) Eduardo Berizzo entrenatzailea kargugabetu eta Gaizka Garitano izendatu zuen Urrutiak entrenatzaile lanetan aritzeko, azken-aurreko postuan baitaude zuri-gorriak Santander Ligako sailkapenean.

Huescaren aurka Errege Kopako final-zortzirenetan jokatutako partidak indarberritu egin omen ditu jokalariak, eta zaleei ere ilusio izpi bat eskaini diete 4-0eko balentria errepikatuz. Oraingoan, ordea, Ligan erakutsi beharko dute egindako aurrerapena.

Iñigo Martinezek, Yuri Berchichek eta Peru Nolaskoainek epaileek ezarritako zigorra bete beharko dute, eta ez dira Garitanoren hamaikakoan zelairatuko. Bestalde, Mikel Balenziaga ere ez da deialdian egongo, bizepseko lesioa dela medio. Cristian Ganea eta Gorka Guruzeta deituko omen ditu Garitanok, Kopako azken partida jokatu ez bazuten ere.

Gironak, bere aldetik, bolada onari eutsi nahi dio, Alaves Kopan kanporatu ostean Ligako zazpigarren jardunaldian jarraian puntuak pilatzen jarraitzeko. Eusebio Sacristanek gidatzen duen taldeak puntu bat erdietsi zuen aurreko jardunaldian Atleticoren aurka berdinduta (1-1), eta 21 puntu ditu jada.

Hamaikako posibleak:

Athletic: Iago Herrerin; Capa, Yeray, Unai Nuñez, De Marcos; Dani García, Beñat; Williams, Muniain, Susaeta; eta Aduriz.

Girona: Gorka; Porro, Jonas Ramalho, Espinosa, Juanpe, Alex Granell edo Valery Fernandez; Pere Pons, Aleix Garcia edo Douglas Luiz, Borja Garcia; Portu eta Stuani.

Epailea: Prieto Iglesias.

VAR sistemako epailea: Cordero Vega.

Zelaia: San Mames.

Ordua: 21:00.