Itxi

Athletic Club

Igandean, 18:30ean

Europa begiz jota duen Betis hartuko du Athleticek San Mamesen

Agentziak | Erredakzioa

Gaizka Garitanoren taldeak azken asteetako bolada onari eutsu nahi dio etxean hiru puntuak irabaziz.

  • Raul Garcia deialditik kanpo geratu da azkenean

    Raul Garcia deialditik kanpo geratu da azkenean. Argazkia: Efe.

Athleticek bolada onarekin jarraitzeko helburua du San Mamesen Betisen aurka jokatuko duen partidan. Gaizka Garitano entrenatzaile denetik, jokatutako 18 puntuetatik 12 irabazi dituzte zuri-gorriek. Andaluziarrek Europako postuengatik lehiatu nahi dute, eta, horrez gain, Errege kopako finalerdietan sartzeko aukerei eusten diete.

Asteazkenean, Espanyolen etxean jokatuko dute final-laurdenetako itzuliko partida, eta hor Benito Villamarinen lortutako banakoa baliatu nahi dute. Baina horren aurretik San Mamesen dute hitzordua, eta Athleticek ez dizkie gauzak batere erraz jarriko.

Bilbotarrek jaitsiera postuetatik aldentzen jarraitu nahi dute. Orain hiru puntura daude, aurreko jardunaldian Vila-realen aurka lortutako banako polemikoaren ostean, VAR laguntzaile teknikoaren erabakiak barne.

Raul Garcia deialditik kanpo geratu da, beraz, Garitanok azken partidetako hamaikako oso antzekoa erabiltzea aurreikusten da da. Mikel San Jose Beñat zigortuaren lekua beteko luke zelai erdian eta Ibai Gomez hasieratik arituko litzateke berriro, Vila-realen aurka bezala, eskuineko aldetik.

Betis sasoiko iritsiko da San Mamesera, bigarren garaipena jarraian lortzeko helburuarekin, aurreko jardunaldian Gironari 3 eta 2 irabazi ostean.


Ustezko hamaikakoak

Athletic: Herrerín; Capa, Yeray, Iñigo Martínez, Yuri; Dani García, San José; Ibai, Muniain, Córdoba; eta Williams.

Betis: Pau López; Barragán, Mandi, Bartra, Feddal, Tello; Lo Celso, Guardado, Carvalho, Canales; eta Sergio León.

Epailea: Xabier Estrada Fernández (Kataluniako batzordekoa).

VAR-eko epailea: David Medié Jiménez (Kataluniako batzordekoa).

Estadioa: San Mames.

Ordua: 18.30ean.