Itxi

Athletic Club

0-0

Athleticek berdindu egin du Bartzelonaren aurka, garaipena hurbil izan duen arren

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak golik gabe berdindu du San Mamesen. Partida handia jokatu du Garitanok zuzentzen duen taldeak, eta Ter Stegen atezainak eragotzi du talde bizkaitarraren garaipena.

  • Athletic Club - Bartzelona. Argazkia: EFE

    Ter Stegen, Susaetaren jaurtiketa desbideratzen. Argazkia: EFE

Athleticek golik gabe berdindu du Bartzelonaren aurka San Mamesen. Talde zuri-gorriak izan ditu abagune onenak, baina Ter Stegen atezainak eragotzi du Athleticen garaipena.

Partida handia jokatu du talde bizkaitarrak, eta garaipena merezi izan du. Hala ere, puntu bat eskuratu du Ligako liderra den Bartzelonaren aurka, eta jaitsiera postuetatik pixka bat gehiago aldendu da. Athleticek lau puntura ditu jaitsiera postuak.

Bikain ekin dio Athleticek neurketari. Bartzelona atzean sartzea lortu du Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak, eta hainbat arazo sortu dizkio Barçari. Susaetak izan du lehen abagunea, baina Ter Stegen atezainak zuri-gorrien gola eragotzi du, gelditu bikaina eginda. Ondoren, bi gol-aukera izan ditu Athleticek Raul Garciaren bitartez. Lehenengoa, txilenaz egindako erremate baten bitartez etorri da, eta Ter Stegenek gelditu du. Bigarrena, ordea, area barrutik egin duen jaurtiketa izan da, baina kanpora joan da baloia Sergi Roberto jo ostean. Yurik ere izan du aukera ona, baina gehiegi gurutzatu du baloia.

Bartzelona atzean sartuta egon da, eta ia ez du gola sartzeko aukerarik sortu lehen zatian. Suarezek kanpora bota du erremate bat, eta Messik area kanpotik egin duen jaurtiketa kanpora joan da, langaren gainetik.

Bigarren zatiaren hasieran, Bartzelona izan da nagusi. Baloiaren jabe egin da Kataluniako taldea, baina kosta egin zaio abagune argiak sortzea, Athletic oso sendo egon baita defentsako lanean. Baloiaren atzetik korrika ibili da talde zuri-gorria bigarren zatiko lehen minutuetan, baina kontraerasoa egin du 65. minutuan, eta San Joseren jaurtiketa kanpora joan da oso gutxigatik.

Muniain zelairatutakoan, Athleticen jokoak hobera egin du. Muniainek berak pase bikaina eman dio Williamsi, aurrelaria arean sartu da, eta Ter Stegenek zuri-gorrien gola eragotzi du, erantzun bikaina emanda. Partidaren luzapenean, Bartzelonak erasora jo du, baina Athleticek arazo gehiegirik gabe eutsi dio. Amaieran, puntu bana eskuratu dute Athleticek eta Bartzelonak.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Iago Herrerin; De Marcos, Yeray, Iñigo Martínez, Balenziaga; Dani Garcia, Beñat (Beñat, 56. min); Susaeta (Muniain, 62. min), Raul Garcia, Yuri; eta Williams (Kenan Kodro, 89. min).

0 - Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Lenglet (Vermaelen, 87. min), Semedo; Busquets, Rakitic, Vidal (Aleña, 63. min); Messi, Luis Suarez eta Coutinho (Dembele, 75. min).

Epailea: Carlos del Cerro Grande. De Marcos egotzi du 91. minutuan, bigarren txartel horia aterata. Gainera, txartel horiak atera dizkie Dani Garciari (52. min) Lengleti (72. min) eta Busquetsi (78. min).

VAReko epailea: Guillermo Cuadra Fernandez.