Itxi

Athletic Club

San Mames, 18:30EAN

Athleticek bere mamu beltza gainditu nahi du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Garitanok 19 jokalari sartu ditu deialdien, eta tartean daude Iñigo Lekue eta Peru Nolaskoain.

  • Unai Nuñez eta Antoine Griezmann, joan zen denboraldiko partidan.

    Unai Nuñez eta Antoine Griezmann, joan zen denboraldiko partidan. Argazkia: EFE

Athleticek eta Atleticok San Mamesen neurtuko dituzte indarrak larunbat honetan (18:30), oraintsu izan dituzten dezepzioak atzean utzi nahirik. Madrildarrak Txapeldunen Ligatik at geratu dira aste honetan, eta, bilbotarrek, berriz, puntu bakarra lortu dute azken bi jardunaldietan.

Horrenbestez, bizkaitarrek geldialdia izan dute sailkapenean egiten ari ziren gorakadan. Gainera, Mestallan galdu eta etxean Espanyolen aurka berdindu ostean, zuri-gorriek argi ikusi dute, nahiz eta jaitsiera postuak atzean utzi dituzten (8 puntura dituzte orain), norgehiagokan atzetik jarriz gero, oso zail dutela partida irabazi ahal izatea.

Atleticoren aurkako norgehiagokek nahigabeak baino ez dizkiote ekarri azken urteetan Athletici. Izan ere, Simeonek 2011ko abenduan talde madrildarra zuzentzeko ardura hartu zuenetik bilbotarrek 14 porrot izan dituzte elkarren aurka jokatutako 17 partidetan.

Gainera, larunbateko lehiarako Athletic hiru baja garrantzitsu izango ditu: Aritz Aduriz golegilea; sasoi betean zebilen Ander Capa eskuin hegalekoa eta txartelak pilatzeagatik zigorra bete behar duen Iñigo Martinez. Garitanok 19 jokalari sartu ditu deialdian, eta gauzarik aipagarriena da Iñigo Lekue bertan dela. Eskuin hegaleko bilbotarrak oraindik ezin izan du minuturik jokatu denboraldi honetan, zenbait lesio direla-eta. Lekuez gain, Peru Nolaskoain ere deialdian sartu da.

Atleticoren aldetik, oraindik agerian dago Juventusen aurka galdu (3-0) eta Txapeldunen Ligatik kanporatuta geratu izana. Hartara, Liga da esku artean duten lehiaketa bakarra, 11 jardunaldiren faltan.

Une honetan, bigarren da sailkapenean, baina hemendik aurrerako neurketa guztiak irabaztera behartuta dago, Bartzelonak zortzi puntuko tartea baitauka bere alde.

Athleticen kontrako partidarako, litekeena da Simeonek Diego Costa, Alvaro Morata eta Antoine Griezmann jarriko ditu batera lehen aldiz ligan.

Balizko hamaikakoak:

Athletic: Herrerin, De Marcos, Yeray, Nuñez, Yuri, Dani Garcia, Beñat, Ibai, Raul Garcia, Muniain eta Williams.

Atletico Madril: Oblak, Juanfran, Gimenez, Godin, Saul, Thomas, Rodrigo, Koke, Griezmann, Diego Costa eta Morata.

Epailea: Santiago Jaime Latre.

Ordua: 18:30.