Athletic Club
Gaur, 21:00etan
Athleticek Europara begira jarri nahi du Montilivin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zuri-gorriek Gironara egingo duten bisitak emango dio hasiera Ligako 29. jardunaldiari, hau da, 10 jardunaldi besterik ez dira gelditzen txapelketa amaitzeko.
-
Iñaki Williams, lehenengo itzuliko partidan. Argazkia: EFE
Athleticek gaur Montilivin(21:00) jokatuko duen neurketa baliatu nahi du Europarako sailkapena ematen duten postuetara hurbiltzeko. Sei puntura ditu, eta hirura izan ditzake, baldin eta, denboraldi askotan gertatzen den legez, azkenean zazpigarren tokiak ere Europarako saria aitortuko balu.
Zuri-gorriek Gironara egingo duten bisitak emango dio hasiera Ligako 29. jardunaldiari, hau da, 10 jardunaldi besterik ez dira gelditzen txapelketa amai dadin.
Bilbotarrek pozarren helduko diote berriz lehiari, selekzioen partidek behartutako geldialdiaren ostean; izan ere, zuri-gorriek lehen aldiz irabazi zioten Atletico Madrili San Mames berrian (2-0).
Hain zuzen ere, lehen itzulian Gironaren aurka jokatutako norgehiagoka izan zen Gaizka Garitanok talde bizkaitarra zuzendu zuen lehendabizikoa. Partida hura irabazi egin zuten etxekoek, luzapenean, Adurizek sartutako penalti bati esker (1-0). Aurrelari donostiarra, baina, ez da egongo bigarren itzuliko neurketa honetan, oraindik ere ez baitago guztiz sendatuta belaunean jasandako lesiotik, nahiz eta taldekideekin batera entrenatzen ari den azken lan-saioetan.
Adurizen hutsuneaz gain, Garitanok ezin izango du ezta zigortuta dagoen Yeray Alvarez zelairatu ere. Ondorioz, Unai Nuñezek titular gisa jarraituko du, eta, Iñigo Martinezekin batera, erdiko atzelarien bikotea osatuko du.
Gainontzean, litekeena da Ander Capa hasierako hamaikakora itzultzea eskuineko hegalean, behin giharretako lesioa gaindituta.
Gironak, bere aldetik, duela bost hilabetez etxean garaipenik lortu ezinda dagoela hartuko du Athleticen bisita, hau da, urriaren 27an Rayori 2-1 irabazi zionetik, hain justu ere.
Eusebio Sacristanek zuzentzen duen taldeak 12 puntu baino ez du lortu bere zelaian; haatik, oso bestelako emaitzak ari da eskuratzen Montilivitik urruti, lehiaketako talderik onena baita etxetik kanpo (22 puntu bereganatu ditu).
Katalanek Athletic azpiratzen badute, lehen hamarren artean sailkatuta amaituko dute eguna, une honetan jaitsiera postuan dagoen Celtak baino 12 puntu gehiagorekin, eta Europa Ligako tokietatik sei puntura.
Balizko hamaikakoak:
Girona: Bono, Pedro Porro edo Jonas Ramalho, Pedro Alcala, Juanpe, Raul Garcia, Pere Pons, Portu, Aleix Garcia edo Valery Fernandez, Alex Granell, Borja Garcia eta Cristhian Stuani.
Athletic Club: Iago Herrerin, Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, San Jose, De Marcos, Raul Garcia, Muniain eta Williams.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez.
Futbol-zelaia: Estadi Municipal de Montilivi.
Ordua: 21:00.