Itxi

Athletic Club

San Mames, 19:30ean

Europarako ilusioa eta jaisteko beldurra, aurrez aurre gaur San Mamesen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Athleticek eta Levantek oso bestelako ibilbidea izan dute azken jardunaldietan: goranzkoa, bilbotarrek; beheranzkoa, valentziarrek.

  • Iñigo Martinez eta Beñat Morales geldiarazteko asmoz, lehen itzuliko partidan.

    Iñigo Martinez eta Beñat Morales geldiarazteko asmoz, lehen itzuliko partidan. Argazkia: EFE

Athleticen Europara sailkatzeko ilusioa eta Levanteren mailaz jaisteko beldurra neurtuko ditu gaur San Mamesek, 19:30ean. Talde bakoitzak oso dinamika desberdinean helduko dio lehiari: bilbotarrak gorantz doaz sailkapeneko zuloan egon ostean; valentziarrak, aldiz, gainbehera ari dira.

Hain zuzen ere, Ciutat de Valencia zelaian lehen itzulian jokatu zuten neurketa inflexio-puntua izan zen bi taldeentzat. Orduko hartan, etxekoek aise azpiratu zituzten bilbotarrak (3-0), eta, ondorioz, Athleticek jaitsiera postuetan amaitu zuen jardunaldia, salbaziotik lau puntura. Valentziarrak, berriz, Europarako postuetan sartu ziren, zuri-gorriek baino 10 puntu gehiagorekin, Ligako lehendabiziko 14 neurketak jokatu ostean.

Ordutik jokatu diren 15 jardunaldietan, bilbotarrek 29 puntu bildu dituzte, eta Paco Lopezen taldeak 11 besterik ez.

Hori dela eta, egun Athletic ari da Europarekin amesten (hiru puntura dauka), eta Levante, ordea, maila galtzeko arriskuan dago (lau puntura ditu jaitsiera postuak).

Athleticen albiste txar bakarra Dani Garciaren lesioa da, Gironaren aurka min hartu baitzuen. Mikel San Josek jokatuko du haren ordez.

Gainerakoan, aurreko partidarako deialdiarekin alderatuta, Gaizka Garitanok bi izen berri sartu ditu oraingoan: Yeray Alvarez (Gironaren aurka ezin izan zuen aritu, zigortuta baitzegoen) eta Ander Iturraspe (hainbat aste eman ditu deialditik at).

Levante, bere aldetik, zalantzaz beteta iritsiko da Bilbora, Ligako azken 15 neurketako bi bakarrik irabazi eta gero.

Paco Lopezek lesionatuta dauka Enis Bardhi, baina bueltan izango du Eibarren kontrakoa jokatzeko zigortuta egon zen Chema Rodriguez.

Balizko hamaikakoak:

Athletic: Herrerin, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, De Marcos, Beñat, San Jose, Cordoba, Raul Garcia eta Williams.

Levante: Aitor, Coke, Postigo, Rober Pier, Vezo, Luna, Jason, Campaña, Rochina, Mayoral eta Morales.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero.

Futbol-zelaia: San Mames.

Ordua: 19:30.