Athletic Club
Markagailua irauli dute
Almeria-Athletic Club (1-3): Bosgarren postua berreskuratu dute
Josu Bilbao
Erredakzioa
Zuri-gorriek bigarren zati ona jokatu dute talde andaluziarra gainditzeko. Piattik etxeko taldearentzat lortu du 1-0ekoa, baina bizkaitarrek markagailua irauli egin dute.
Caparrosen mutilek garaipen garrantzitsua eskuratu dute Oltraren taldearen aurka etxetik kanpora (1-3). Piattik 1-0ekoa lortu du lehen zatiko bosgarren minutuan eta Muniainek 1-1ekoa jarru du 28. minutuan. Bigarren zatian Toquerok (52. minutuan) eta Orbaizek (60-. minutuan) erabakita utzi dute norgehiagoka.
Zuri-gorrientzat ez da norgehiagoka behar bezala hasi, Almeriako taldeak asko sakatu duelako erasoan. Jose Luis Oltraren mutilek gola lehen zatiko bosgarren minutuan lortu dute Pablo Orbaizen akats larri baten ostean. Erdilari nafarrak pase kaskarra eman du defentsan eta Piattik baloia hartu eta 1-0ekoa lortu du.
Bilbotarren lehen abagunea Carlos Gurpeguik izan du 18. minutuan, baina nafarraren errematea gutxigatik joan da kanpora. Zuri-gorriak Alvesen ate ingurura hurbiltzen hasi dira eta Toquerok aukera ederra izan du 25. minutuan. Hala ere Athleticeko aurrelariaren zartakoa desbideratuta joan da. Mateu Lahoz epaileak Llorenteri egindako penalti argia ez du adierazi 26. minutuan, baina Caparrosen mutilek sakatzen jarraitu dute eta 28. minutuan Muniainek 1-1ekoa lortu du. Gurpegiren errematea Diego Alvesek desbideratu du eta Iker Muniainek aldaratzea sare barrura bidali du.
Berdinketarekin Almeriak gehiago sakatu du, baina Gorka Iraizozek ez du arazo handirik izan. Atsedenaldira 1-1ekoarekin joan da norgehiagoka.
Bigarren zatian Athleticeko jokalariek haiseratik jokoaren kontrola hartu dute eta Gaizka Toquerok 52. minutuan 1-2koa lortu du ezkerkada gogor batekin. Iturrasperekin zelaian bizkaitarrek baloiaren jabetza ondo mantendu dute eta 60. minutuan Orbaizek 1-3koa jarri du markagailuan zelai erditik gertu egindako zartako batekin.
Almeriak bigarren gola bilatu du Uche eta Piattirekin erasoan, baina Oltraren mutilak ez dira fin ibili Gorka gainditzeko. Zuri-gorriak ez dira ia Alvesen ate ingurura heldu 1-3koarekin eta atzean sartu dira markagailuari eusteko. 77. minutuan Ulloak 2-3koa lortzeko aukera garbia izan du, baina Iraizozek geldiketa ikusgarria egin dio Almeriako aurrelariari. Toquerok laugarren lortzeko aukera ona izan du 86. minutuan, baina Marcelo Silvak azken unean baloia atera egin du. Azkenean hiru puntuak Athleticek lortu ditu eta sailkapeneko bosgarren postua eskuratu du.
Fitxa teknikoa:
.1. UD Almeria: Diego Alves; Michel, Marcelo Silva, Carlos Garcia (Corona, m. 82), Luna; M''Bami, Bernardello; Juanma Ortiz (Kalu Uche, m. 57), Pablo Piatti, Crusat (Ortiz Bernal, m. 63), eta Leo Ulloa.
.3. Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Castillo; Orbaiz, Javi Martinez (Iturraspe, m. 46), Gurpegi; Toquero, Fernando Llorente (De Marcos, m. 80) eta Muniain (Amorebieta, m. 86).
Golak: 1-0, m. 5: Piatti. 1-1, m. 28: Muniain. 1-2, m. 52: Toquero. 1-3, m. 60: Orbaiz.