Itxi

Athletic Club

Ez du kontratua luzatuko

Sabin Merinok Athleticeko jokalaria izateari utziko dio

eitb.eus

Ez da klub zuri-gorrira itzuliko aurtengo denboraldia Leganesen utzita eman ostean.

  • Sabin Merino

    Sabin Merino. Argazkia: EFE

Sabin Merino Urdulizko aurrelariak ez du Athleticeko jokalaria izaten jarraituko ekainaren 30etik aurrera. Hala eman du jakitera klub zuri-gorriak asteazken honetan.

Merinok lau denboraldi zeramatzan Athleticeko lehen taldean, 2015/2016 denboralditik, hain zuzen ere, nahiz eta aurten Leganesen ari den jokatzen, utzita.

Aurreko hiru denboraldietan, 75 aldiz jantzi zuen elastiko zuri-gorria, Liga (48), Kopa (7), Europa Liga (19) eta Superkopako (1) partidak kontuan hartuta. Guztira 8 gol sartu zituen (6 Ligan 6 eta 2 Europa Ligan).

Lezaman hazitako jokalariaren denboraldirik onena lehendabizikoa izan zen, 38 norgehiagokatan jardun baitzuen eta 7 gol lortu baitzituen. Gainera, Superkopa irabazi zuen Bartzelonaren aurka, parte-hartze azpimarragarria izanda.

Athleticek bere esker ona adiera nahi izan dio "Klubaren alde erakutsi duen profesionaltasun eta dedikazioagatik", eta onena opatu dio bere etorkizunari begira.

Sabin Merinorekin dagoeneko bost dira datorren denboraldian Bilboko taldean jokatuko ez duten jokalariak: Markel Susaeta, Ander Iturraspe, Mikel Rico eta Alex Remiro dira gainerako laurak.