Itxi

Athletic Club

Lau urte t'erdi ostean

Athletic-Real derbia, San Mamesera itzuliko da

Erredakzioa

Zuri-gorriak eta txuri-urdinak elkarren aurka arituko dira Bilbon larunbatean. Azken norgehiagoka Katedralean, 2006ko abuztuaren 27an izan zen, 1-1eko emaitzarekin.

Athleticek, azken sei partidetatik bost irabazi ditu etxean Realaren aurka. Ia lau urte eta erdi pasa dira azken derbia San Mamesen jokatu zenetik eta larunbatean bizkaitarrak eta gipuzkoarrak aurrez aurre egongo dira berriro.

2006ko abuztuaren 27an jokatu zuten azken aldiz bi taldeek Bilbon, Felix Sarriugarte eta Jose Mari Bakero entrenatzaile gisa zeudelarik. Norgehiagoka 1-1ekoarekin bukatu zen, Aranburuk 87. minutuan berdinketa lortu baitzuen donostiarrentzat.

Berdinketa horrekin Realak jarraian jasotako bost porroten boladarekin bukatu zuen. 2001-2002ko denboraldian 2-1 irabazi zuten bizkaitarrek Tikok lortutako bi golei esker (txuri-urdinena De pedrok lortu zuen).

2002-2003ko denboraldian jipoia lortu zuen Athleticek 3-0ekoarekin (Etxeberriak bi gol eta Ezquerrok bestea); 2003-2004koan, 1-0 ekoa Tikok jarri zuen etxekoentzat eta 2004-2005ko eta 2005-2006ko denboraldietan 3-0koa lortu zuten bilbotarrek.

Orokorrean, San Mamesen jokatu diren 63 derbietatik, 35 Athleticek irabazi ditu, 11 Realak eta 17 berdinketa eman dira. Golei dagokionez, bizkaitarrek 132 lortu dituzte eta gipuzkoarrek 66.