Itxi

Athletic Club

1-0

Hasiera biribila eman dio Athleticek Ligari, Adurizen gol ikusgarriari esker

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ligako lehen hiru puntuak poltsikoratu dituzte zurigorriek. Garitanoren taldea presioan oinarritutako jokoaz baliatu da Bartzelona bere gain hartzeko.

  • Aritz Aduriz Bartzelonaren aurkako gola ospatzen.

    Aritz Aduriz Bartzelonaren aurkako gola ospatzen.

Balentria egin du Aritz Adurizek San Mamesen, Athletici Ligako lehen garaipena eskainiz. Bere ibilbideko azken denboraldia du aurtengoa zuri-gorriak, azen prentsaurrekoan iragarri zuenez. Hala ere, sasoiko da oraindik eta txilena erdi batekin Ander Caparen erdiratzeaz baliatu da Ter Stegenen atean neurketako gol bakarra eta erabakigarria eginez.

Segundo gutxi zeramatzan donostiarrak zelaian Williamsen ordez sartu eta zaleen aupada jaso ondoren. Areara jaurtitako lehen baloia bere egin eta erremate borobila egin du bere gaitasunak agerian utziz.

Ezusteko bukaera eman diote zuri-gorriek San Mamesko katedralean jokatu den Santander Ligako aurreneko partidari. Izan ere, lehen zatian Athleticek joko hobea erakutsi duen arren, aurki irauli du Bartzelonak jokoa, lehiakor bilakatuz. Ivan Rakitic eta Rafinha izan dira jokalaririk azpimarragarrienak.

Gaizka Garitano entrenatzaileak asmatu egin du agindutako aldaketei dagokienean eta San Mamesen jokatutako azken hamahiru partidetan ez du porrotik jaso, Bartzelonaren aurkako azken bi neurketetan, lau puntu eskuratuz.

Athleticek kataluniarrek baino hasiera hobea eman dio norgehiagokari eta aukera ederrak izan ditu markagailuan aurrea hartzeko, hain zuzen ere, Iñaki Williamsen eskutik.

Bigarren zatian, aldiz, Bartzelonak presio gehiago aurkeztu du eta gogor aritu da erasoan Rafinharen eta Rakiticen aukerekin, baina ez du asmatzerik izan.

Garitanok une egokia aukeratu eta Aduriz zelairatu du Williamsen ordez. Donostiarrak eskertu egin dio etxeko zaleen aurrean omenaldia jaso izana eta gol ikusgarria egin du bere azken denboraldia izango denaren aurreneko neurketa honetan.

Futbola 2019-2020
Futbola 2019-2020 (Athletic Club-Bartzelona)0:2:40 min.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Unai Simon, Capa, Unai Nuñez, Yeray, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez (Beñat, 80.m); De Marcos (Sancet, 66.m), Raul Garcia, Muniain; eta Williams (Aduriz, 88.m).

0 - Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Pique, Lenglet, Alba; Sergi Roberto (Carles Perez, 76.m), De Jong, Aleña (Rakitic, 46.m); Dembele, Luis Suarez (Rafinha, 37.m) eta Griezmann.

Golak: 1-0, 89.m: Aduriz.

Epailea: Del Cerro Grande.

VAR: Hernandez Hernandez.