Itxi

Athletic Club

3. JARDUNALDIA

Athleticek bereganatu du Realaren aurkako euskal derbia (2-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Williamsen eta Raul Garciaren golek garaipena ekarri diote zuri-gorriei. VARak gol bat baliogabetu dio Realari, baita penalti bat ere.

  • Iñaki Williams partidako lehen gola ospatzen

    Iñaki Williams partidako lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE


Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak
Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak (Athletic - Real Sociedad)0:2:22 min.


Athleticek 2-0 irabazi dio Realari ostiral honetan San Mamesen jokatu den euskal derbian, Iñaki Williamsek eta Raul Garciak sartutako golei esker, biak lehenengo zatian lortutakoak. Ondorioz, Ligako hirugarren jardunaldiaren hastapenetan, sailkapeneko lider jarri da zazpi punturekin, Sevillarekin berdinduta.

Neurketako 11. minutuan, Williamsek lehen gola sartu du. Alboko sake baten ondoren, Ander Capak area barruan jarri du baloia, eta aurrelari zuri-gorriak baloia sareetara bultzatu besterik ez du egin behar izan.

Handik gutxira, 19. minutuan, epaileak penaltia adierazi du bilbotarren area barruan, Cordobak Zalduari egindako sarrera batean. Alabaina, gerora falta area kanpora atera du VARak hala aginduta.

Etxeko zaleek lasaitu ederra hartu dute epailearen bigarren erabakiarekin, eta pozez zoratzen jarri dira minutu batzuen buruan, Raul Garciak (28. minutuan) etxekoen bigarren gola erdietsi duenean. Nafarrak area kanpotik egindako baselina itxurako jaurtiketa batekin Miguel Angel Moyaren ahalegina gainditu du.

Neurketak ordu erdi eskasa zeukan beteta, eta Realarentzat are gehiago okertu dira gauzak, Illarramendi lesionatu egin baita Unai Lopezekin izan duen zorigaiztoko jokaldi batean. Mutrikuarraren tokia Portuk hartu behar izan du.

Atsedenaldiaren ostean, 61. minutuan, Estrada Fernandez epaileak Alexander Isak aurrelari txuri-urdinaren gola bertan behera utzi du berriro ere bideoarbitrajean lanean ari zirenen irizpideari jarraituz. Izan ere, jokalari suediarra jokoz kanpo zegoela iritzi diote baloia ate barrura bidali duenean.

Hortxe zapuztu dira Imanolen mutilen itxaropen gehienak, eta hortik aurrera 3-0ekoa gertuago egon da markagailuko zulua murriztekoa baino. Dena den, Sangalli eta Odegaard saiatu dira gola egiten, azken horrek norgehiagokako azken jokaldian egin badu ere.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Unai Simon, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Unai Lopez (Beñat, 66. min), Muniain, Raul Garcia, Cordoba (Ibai, 73. min) eta Williams (Aduriz, 86. min).

0 - Reala: Moya, Zaldua, Zubeldia, Diego Llorente, Aihen, Illarramendi (Portu, 36. min), Merino, Odegaard, Janujaz (Sangalli, 78. min), Willian Jose (Isak, 55. min) eta Oyarzabal.

Golak: 1-0, 11. min: Williams. 2-0, 28. min: Raul Garcia.

Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak: Raul Garcia eta Cordoba (Athletic); Zaldua eta Portu (Reala).