Itxi

Athletic Club

4. JARDUNALDIA

Athleticek puntu bat lortu du Son Moixen (0-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Talde biek penalti bana izan dute alde neurketaren azken txanpan, baina Abdonek lehendabizi, eta Adurizek, gerora, ez dute asmatu.

  • Aritz Aduriz, sartu ez duen penaltia jaurtitzerako garaian

    Aritz Aduriz, penaltia jaurtitzerako garaian. Argazkia: EFE

Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak
Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak (Mallorca - Athletic)0:2:36 min.

Athleticek eta Mallorcak bana berdindu dute ostiral honetan Son Moixen jokatutako partidan. Neurketa zoratu egin da erabat azken ordu laurdenean, talde biek izan baitute penaltiz gola erdiesteko parada. Alabaina, ez Abdon Pratsek, etxekoen alde (kanpora bota du), ez Aritz Adurizek, zuri-gorrien alde (atezainak geratu dio), ez dira hamaika metroetatik gola gauzatzeko gai izan.

Mallorcaren aldeko penaltia Yurik area barruan Kubo japoniar gazteari egindako falta argi baten ostean heldu da (81. minutua). Athleticena, berriz, Babak eskuz jotako baloi batengatik etorri da (95. minutua).

Talde biek ia arlo guztietan berdindu dute, baita zutoinetara bidalitako baloietan ere, hantxe amaitu baitute Salva Sevillaren eta Gaizka Larrazabalen jaurtiketek (azken honena langaren aurka, hain zuzen ere).

Partidako azken jokaldian, Alex Alegriak etxekoen aldeko gola sartu du buruz, geldikako baloi baten ostean, baina jokoz kanpo zegoen, eta hala adierazi du epaileak.

Horrenbestez, Ligako laugarren jardunaldian izandako berdinketa honekin, Athleticek neurketarik galdu gabe jarraitzen eta 8 puntu ditu dagoeneko. Mallorcak, berriz, Realaren eta Valentziaren aurka galdutako bi partiden bolada txarra eten du.

Fitxa teknikoa:

0-Mallorca: Reina, Joan Sastre, Valjent, Raillo, Rahman, Febas (Alex Alegria, 83. min), Baba, Salva Sevilla, Dani Rodriguez (Kubo, 62. min), Lago Junior eta Budimir (Abdon Prats, 74. min).

0-Athletic Club: Unai Simon, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Unai Lopez (Beñat, 51. min), Muniain, Raul Garcia, Cordoba (Aduriz, 57. min) eta Williams (Gaizka Larrazabal, 84. min).