Itxi

Athletic Club

2-0

Athleticek euskal derbia irabazi dio Alavesi eta Ligako liderra da

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 2-0eko emaitzarekin irabazi du euskal derbia San Mamesen. Raul Garciak sartu du lehen gola penaltiz, eta Muniainek egin du bigarrena.

  • Athletic Club. Argazkia: EFE

    Athleticeko jokalariak, Raul Garciak Alavesi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak
Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak (Athletic - Alaves)0:2:0 min.

Athleticek garaipena lortu du Alavesen aurka (2-0) San Mamesen jokatu duen euskal derbian, Ligako bosgarren jardunaldian. Ondorioz, talde zuri-gorria Ligako liderra da 11 punturekin, bigarren den Real Madrilekin berdinduta. Bestalde, Alaves sailkapenaren behealdean da, 13. postuan, 5 punturekin.

Talde zuri-gorria izan da baloiaren jabe lehen zatian, baina kosta egin zaio abagune argiak sortzea, Alaves atzean sartuta egon baita, eta ez baitu zulorik utzi. Athletic lan eta lan ibili da erasoan, eta epaileak talde bizkaitarraren aldeko penaltia adierazi du 36. minutuan, Ruben Duartek Iñaki Williamsi area barruan egin dion faltagatik. Bideo-arbitraje laguntzailea (VAR) kontsaultatu behar izan du epaileak, penaltia adierazteko. Raul Garciak sartu du 1-0ekoa, penalti puntutik, 38. minutuan.

Bigarren zatian areagotu egin da Athleticen nagusitasuna. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak gol aukera gehiago eta argiagoak izan ditu, Alaves ezinean ibili delarik. Abagune argiena Muniainek izan du, baina atepean kanpora bidali du errematea. Hurrengo jokaldian, Williamsen jaurtiketak langan jo eta ez da gutxigatik ate barrura sartu. Ekinean ibili da Athletic bigarren golaren bila, eta Muniainek sartu du 2-0ekoa, 72. minutuan. Pacheco atezainak erantzun bikaina eman dio Ibai Gomezen erremateari, baina baloia solte geratu da arean, eta Iker Muniainek sare barrura bultzatu du. Bigarren golak neurketa erabakita utzi du.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani García, Unai Lopez (Beñat, 62. min); Muniain (Lekue, 79. min), Raul Garcia, Ibai; eta Williams (Aduriz, m.84).

0 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely (Martín, 62. min), Duarte; Pina (Pere Pons, 79. min), Manu Garcia (Lucas Perez, 56. min), Wakaso; Aleix Vidal, Joselu eta Luis Rioja.

Golak: 1-0, 38. min: Raul Garcia, penaltiz. 2-0, 62. min: Muniain.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak atera dizkie Ely (7. min), Aleix Vidal (15. min), Duarte (37. min) eta Laguardia (70. min) Alaveseko jokalariei.

VAR Epailea: Prieto Iglesias.