Itxi

Athletic Club

6. JARDUNALDIA

Athleticek puntu bat bildu du berriz ere etxetik kanpo (1-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gol biak bigarren zatian iritsi dira. Zuri-gorriak aurreratu dira, Raul Garciak penalti jaurtiketa baten bidez egindako golarekin, baina etxeko taldeak ia berehala lortu du partida berdintzea.

  • Raul Garciak gola sartu du penalti puntutik

    Raul Garciak gola sartu du penalti puntutik. Argazkia: EFE

Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak
Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak (Leganes - Athletic)

Athleticek galdu gabe jarraitzen du 2019-2020 denboraldiko Liga txapelketan sei jardunaldi bete direnean, berdinketa lortu baitu asteazken honetan Leganesen zelaian (1-1).

Lehenengo zatia golik gabe amaitu eta gero, zuri-gorriek aurrea hartu dute markagailuan bigarren zatian, 58. minutuan. Epaileari penaltia iruditu zaio area barruan Bustinzak Larrabazalekin izan duen lehia, eta hala zigortu du.

Raul Garciak ez du barkatu hamaika metroetatik, asteburuan Alavesen aurka egin zuen legez.

Alabaina, hiru minutu geroago, etxekoek markagailua orekatu dute falta-jaurtiketa baten bidez. Oscar Rodriguezek areaz kanpotik jaurti du, zuzenean, eta gaur atezain gisa jokatu duen Iago Herrerinek ez du gelditzerik izan.

Berdinketak ez die minik egin Gaizka Garitanoren mutilei, eta gola egiteko zorian izan dira ia berehala, bai Raul Garciak egindako jaurtiketa batekin, bai Dani Garciak korner batean buruz egin duen errematearekin.

Gerora, zuri-gorriek penaltia eskatu dute Leganesen area barruan Awaziemek eskuz jo duelako; haatik, epaileak Iñigo Martinezen erasoko falta adierazi du, jokaldia VAR sistemari esker ikuskatu eta gero.

Azkenerako, neurketa berdinketarekin amaitu da, eta Athleticek 12 punturekin hartuko du Valentziaren bisita larunbatean.

Fitxa teknikoa:

1 - Leganes: Juan Soriano, Marc Navarro (Arnaiz, 70. min), Bustinza, Omeruo, Awaziem, Kevin Rodrigues, Ruben Perez, Roque Mesa (Recio, 84. min), Oscar Rodriguez; En-Nesyri eta Carrillo (Braithwaite, 70. min).

1 - Athletic: Herrerin, Capa, Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche, Beñat, Dani Garcia; Larra (Ibai, 78. min), Córdoba (Muniain, 46. min), Raul Garcia eta Williams (Kodro, 89. min).

Golak: 0-1, 58. min: Raul Garcia. 1-1, 61. min: Oscar Rodriguez.

Epailea: Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Dani Garcia (75. min).