Itxi

Athletic Club

Vila-realen aurka

Athleticek bigarren garaipena jarraian lortu nahi du, lehen aldiz denboraldi honetan

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak Vila-realen aurka jokatuko du igande honetan, 14:00etan, Madrigalen.

  • Gerard Moreno eta Yuri Berchiche. Argazkia: EFE

    Gerard Moreno eta Yuri Berchiche, iazko Vila-real vs. Athletic partidan. Argazkia: EFE

Athleticek Vila-real izango du aurkari La Ceramica estadioan, igande honetan, 14:00etan. Talde zuri-gorriak bigarren garaipena jarraian lortu nahi du, denboraldi honetan oraindik ez baititu bi neurketa segidan irabazi.

Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzaileak aldaketaren bat egingo du hamaikakoan, Espanyolen aurkako garaipenean atera zuenarekin alderatuta. Mikel San Josek beteko du min hartuta amaitu zuen Unai Lopezen postua, eta zalantza da Muniainek hegalean edo punta-erdian jokatuko duen.

Atepean Unai Simon egongo da; Yuri, Iñigo Martinez, Yeray eta Capa jokalariek osatuko dute defentsa; Mikel San Jose eta Dani Garcia egongo dira zelai erdian, hegaletan Williamsek eta Cordobak lagunduta; Muniainek jokatuko du punta-erdian eta Raul Garciak aurrealdean. Hala ere, baliteke Muniain hegalera itzultzea, Raul Garciak punta-erdi postuan jokatzea, eta Williams izatea aurrelaria.

Bestalde, Vila-real denboraldi hasieran joko onenetikoa egiten ari den taldeetako bat da. Javi Calleja entrenatzaileak aldaketak egin zituen Eibarren aurka ostegunean jokatu zuen partidan, baina ohiko hamaikakoa aterako du Athleticen aurka. Albiol eta Pau Torres erdiko defentsak maila bikainean daude, Cazorla da joko-antolatzailea, eta aurrealdean golak egiten ari dira Ekambi eta Gerard Moreno, azken hau Ligako pitxitxia delarik.

Ustezko hamaikakoak:

Vila-real CF: Asenjo; Ruben Peña, Raul Albiol, Pau Torres, Quintilla; Iborra; Moi Gomez, Cazorla, Anguissa, Toko Ekambi; Gerard Moreno.

Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, San Jose; Williams, Muniain, Cordoba; Raul Garcia.

Epailea: Santiago Jaime Latre.

Zelaia: La Ceramica.

Ordua: 14:00etan.