Itxi

Athletic Club

0-0

Unai Simonen partida handiak puntu bat eman dio Athletici Vila-realen aurka

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak golik gabe (0-0) berdindu du Ceramicaren estadioan, Ligako 12. jardunaldiari dagokion partidan.

  • Cazorla eta Capa. Argazkia: EFE

    Cazorla eta Capa, Vila-real - Athletic partidan. Argazkia: EFE

Athleticek berdindu egin du Vila-realen aurka (0-0), Ceramicaren estadioan jokatu duen Santander Ligako 12. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde zuri-gorriak 17 puntu ditu, eta sailkapenaren erdialdean jarraitzen du.

Vila-real izan da baloiaren jabe lehen zatian. Batez ere lehen minutuetan jaun eta jabe izan da Castelloko taldea, baina kosta egin zaio abagune argiak sortzea. Zazpigarren minutuan izan du lehen aukera etxeko taldeak; Cazorlak kornerra atera, eta Moi Gomezen errematea Unai Simon atezainak gelditu du. Athletic aurkariaren zain egon da, eta 14. minutuan izan du gola sartzeko lehen aukera izan du talde zuri-gorriak, kanpora joan den Iñigo Martinezek buruz egin duen erremate baten bitartez.

Geroago, 16. minutuan, Unai Simonek Vila-realen gola eragotzi du, Cazorlaren jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Lau minutu beranduago, Williamsen jaurtiketa kanpora joan da, gehiegi gurutzatuta. Ondoren, neurketaren erritmoa moteldu egin da, baina 29. minutuan Unai Simon atezainak berriro lan egin behar izan du, Ekambiren errematea gelditzeko. Athleticek ia jarraian erantzun du San Joseren jaurtiketa on batekin, baina Asenjo atezainak ondo gelditu du. Atsedenaldira iritsi orduko, abagune bana izan du talde bakoitzak: 37. minutuan, Asenjok gelditu egin du Ibaik boleaz egin duen errematea, eta, bi minutu beranduago, Anguissaren jaurtiketa Unai Simonek harrapatu du.

Bigarren zatiaren hasieran ere nagusi izan da Vila-real, eta 52. minutuan gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, Gerard Moreno jokoz kanpo egon delako. Ondoren, Athleticek bi abagune argi izan ditu: Yuriren jaurtiketa oso gutxigatik kanpora joan da, eta Raul Garciak ez du asmatu buruz egin duen errematean. Neurketako 60. minutuan, Unai Simonek eragotzi du Castelloko taldearen gola, Gerard Morenok area barrutik egin duen jaurtiketa aurpegiarekin geldituta. Vila-real nagusi izan da, eta gutxigatik ez du gola sartu 64. minutuan; Athleticek falta bat atera, Asenjo atezainak baloia harrapatu eta azkar atera du, Chukwuezek jaso, honek pasea eman dio Carzorlari, eta asturiarraren jaurtiketa kanpora joan da, zutoina urratuta.

Partidako azken txanpan, baloiaren jabe izan da Vila-real, baina Athleticek abagune ona izan du 69. minutuan, Raul Garciak gutxigatik kanpora bidali duen jaurtiketarekin. Hala ere, Vila-realek ekinean jarraitu du, eta arazoak sortu dizkio Athletici. Partidako azken abagune argia etxeko taldeak izan du 80. minutuan, baina beste behin Unai Simon atezainak aurkariaren gola eragotzi du, Albiolek area txikian egin duen errematea desbideratuta. Azken txanpan, Vila-real erasokor ibili da, baina Athleticek ondo eutsi dio, eta norgehiagoka berdinduta amaitu da (0-0).

Fitxa teknikoa:

0 - Vila-real: Asenjo, Ruben Peña, Raul Albiol, Pau Torres, Quintilla, Iborra, Anguissa (Ontiveros, 80. min), Moi Gomez (Chukwueze, 63. min), Cazorla, Toko Ekambi (Carlos Bacca, 68. min) eta Gerard Moreno.

0 - Athletic Club: Unai Simon, Capa, Iñigo Martinez, Yeray, Yuri, Dani Garcia, San Jose (Vesga, 66. min), Ibai Gomez (Cordoba, 73. min), Raul Garcia, Muniain (Larrazabal, 86. min) eta Williams.

Epailea: Santiago Jaime Latre. Txartel horiak atera dizkie Iborra (60. min) eta Ontiveros (93. min) Vila-realeko jokalariei.