Athletic Club
Athletic, hauteskundeak 2011
Josu Urrutia eta Garcia Macua, EITBn izan dira
Erredakzioa
Bi hautagaiek euren proiektuak eta iritziak azaldu dituzte. Kirol arloari dagokionez, ez dituzte izenak eman nahi izan.
-
Argazkia: EITB
Athleticen presidentetzarako hautagai ofizialek, Josu Urrutiak eta Fernando Garcia Macuak, euren proiektuak azaldu dituzte EITBn. Macua izan da Jose Irtuarteren galderei erantzuten lehena eta Urrutiak itxi du klub zuri-gorriaren hauteskundeei eskainitako saioa berezia.
Fernando Garcia Macua hautagaiak ez du argi utzi nor izango den aukeratutako entrenatzailea. Hala ere, bere proiektua Lezamako harrobira eta Athletic sendotzera bideratuko duela adierazi du. "Athleticen historiako bi denboraldi kaskarrenetatik heldu ginen" esan du Macuak, "hasteko eta anbizioa izateko garaia da, baina beti sustrai sendoetatik eta Athletic sentimendua kontuan hartuz".
Abokatuak autokritika egin du gainera, Kopako Finaleko txartel zozketan hutsegitea egin zutela aitortuz. Bere hautagaitzaren puntu gogorrenetariko bat Lezama dela argi utzi du Macuak. "Inbertsio garrantzitsua egingo dugu harrobia sendotzeko" azaldu du Garcia Macuak.
Garcia Macuak ez du entrenatzaileari buruzko informazio berririk eman, baina "hurrengo egunetan kirol proiektua" aurkeztuko duela adierazi du. Fitxaketa posibleak egon daitezkeela adierazi du abokatuak eta Ibaiganen aurkeztutako sinaduren aldea dela eta, "lasai" dagoela azaldu du.
Josu Urrutia
Bestalde, Josu Urrutia hautagaiak, ez ditu kirol arloko arduradunen izenak eman eta bazkideen partaidetzan eta klubaren batasunean jarri du pisu gehiena. Bazkideen partaidetza handiagoa izan behar dela adierazi du jokalari ohiak. "Nire esku dagoen guztia egingo dut Athletic bateratu baten alde" adierazi du. "Bazkideekin eztabaidatu egin behar dugu, euren partaidetza bultzatu" esan du Deustukoak.
Aurkeztutako sinaduren inguruan ez duela irakurketarik egin nahi adierazi du Urrutiak, bazkidearengana ahalik eta gehien hurbiltzea izan delako bere helburua. San Mames Barriaren inguruan, futbol zelaia "oso beharrezkoa" dela argi utzi du eta Lezamari ere garrantzia eman dio Deustukoak. "Bizkaia Lezama da eta Lezama Bizkaia da" argitu du Josu Urrutiak. "Hobetzeko bideak aurkitu beharko ditugu" izan dira bere hitzak harrobiaren inguruan.
Kirol arloari dagokionez, Macuak bezela, ez ditu izenak eman nahi izan. "Unea heltzean argituko ditugu izenak" izan dira bere hitzak. Athleticen fitxaketa politikari dagokionez, "Klubarentzako onak diren gauzak horrela izaten jarraituko dute" adierazi du Urrutiak.