Itxi

Athletic Club

Primera Iberdrola Liga

Athleticek berdindu egin du Levanteren aurka

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak bana berdindu du (1-1) Iberdrola Ligako 16. jardunaldiko partida.

  • Athletic-Levante. Argazkia: @AthleticClub

    Athletic-Levante partidako irudia. Argazkia: @AthleticClub

Athleticek bana (1-1) berdindu du Levanteren aurka Lezaman jokatu duen Primera Iberdrola Ligako 16. jardunaldiko partida. Zuri-gorriak galtzen hasi dira, eta azken txanpan lortu dute berdinketa.

Abagune gutxiko lehen zatia eskaini dute bi taldeek. Hasierako hamar minutuetan ez da aukerarik egon, baina partidako lehen abagunean, 13. minutuan, Levantek gola sartu du; Marta Correderak egin duen erdiraketa asko itxi da, eta Andrea De la Nava atezaina gainditu du (0-1).

Gola hartu ostean, Athletic saiatu da berdinketaren bila jotzen, baina Levante ondo kokatuta egon da, eta ez dio erraztasunik eman talde zuri-gorriari. Hala ere, neurketa berdintzeko abagune bikaina izan du Athleticek 30. minutuan, baina Maite Orozen jaurtiketa langara joan da.

Bigarren zatia Lucia Garciak egin duen jaurtiketa batekin hasi da, baina arazorik gabe gelditu du Paraluta atezainak. Erika ere saiatu da erremate batekin, baina Levanteko atezainak gelditu egin du. Maite Oroz ere ahalegindu da beste jaurtiketa bat eginda, nahiz eta ezin izan duen talde bisitariko atezaina gainditu. Norgehiagokako azken unera arte borrokatu du Athleticek, eta berdintzea lortu du 95. minutuan; Maite Orozek kornerra atera, aldaratzea Andrea Sierrari iritsi, eta errematea sare barrura bidali du (1-1). Amaieran, puntu bana talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic Club: De la Nava, A. Sierra, Moraza, Damaris (Valdezate, 63. min), Y. Corres, M. Oroz, Eunate, L. García (Nekane, 61. min), E. Vazquez (Maria Diaz, 82. min), V. Gimbert eta Azkona.

1 - Levante UD: Paraluta; Ona Batlle, Rocio, Ivana, Corredera, Maitane, Gemma (Nerea, 82. min), Zornoza, Eva Navarro (Alharilla, 71. min), Banini eta Esther.

Golak: 0-1, 13. min: Corredera. 1-1, 94. min: Sierra.

Epaiea: Fernandez Ceferino. Txartel horiak atera dizkie Damaris (58') Athleticeko jokalariari, baita  Maitane (77') Levanteko futbolariari.