Itxi

Athletic Club

1-0

Azken hasperenean balentria egin eta finalerdietako txartela eskuratu du Athleticek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iñaki Williamsek ezusteko galanta eman du luzapenean, talde zuri-gorriari garaipenaren gola eskainiz. Lehertu egin da festa katedralean inoizko markarik onena hautsi baita katedraleko harmailetan.

  • Iñaki Williams, Athleticeko jokalaria. Argazkia: EFE

    Iñaki Williams, Athleticeko jokalaria. Argazkia: EFE

Azken hasperenean balentria egin eta Kopako finalerdietan aritzeko azken txartela eskuratu du Athleticek Bartzelonari irabazita. Williamsek ezusteko ederra eman du San Mamesera gerturatu diren 49.154 zaleei 92. minutuan garaipenaren gola eskainiz. Lehen begi bistan, zenbaki potoloa dirudi arestian aipatutakoa eta ez da gutxiagorako izan, inoizko markarik onena hautsi baita katedraleko harmailetan.

Begien aurrean aurkari handi bat zuten arren, zuri-gorriak ez dira kikildu eta bete-betean asmatu dute etxean garaipen ikusgarria erdietsiz. Neurketa hasi baino lehen ere, Bilboko kaleetan bizi izan den giroa ikusgarria izan da eta jokalariei egin dieten harrerak hiriburu bizkaitarreko txoko guztiak argiztatu ditu nolabait.

Neurketa hasi bezain pronto, Ansu Fatik ezusteko jokaldia sortu du, baina ez du asmatzerik izan. 19. minutuan, aldiz, Williamsek izan du zuri-gorrien aurreneko aukera, hala ere, honakoa ere ezeresean gelditu da epaileak baliogabetu egin baitu gola jokoz kanpo zegoela egotzita.

Azpimarragarria dugu ere, Nuñezek Messiren aurrean erakutsitako abilezia, eta Dani Garciak eta Raul Garciak sortu izan dituzten aukerak. Lehen zatiari, berriz, berdinketaren eman diote amaiera biek ala biek (0-0).

Oro har, sakontasun handirik gabe aritu da talde kataluniarra. Athletic, bestalde, presioan ondo aritu den arren, erraz galdu du baloia.

Bigarren zatiak aurrera egin ahala, sufritzea tokatu zaio talde bizkaitarrari, jokalariek lagatako zuloekin topo egiten hasi baita Bartzelona. Unai Simonek, ordea, bere abilezia erakutsi eta geldialdi ederrak egin ditu, besteak beste, Greizmani.

77. minutuan, Garitanok Aduriz sartu du Muniainen ordez eta txalo zaparrada gailendu da San Mamesen; Adurizen zelairatzeak jokalari eta afizioaren indarra berpiztu duela esan genezake. Segidan, Piquek min hartu eta aldaketa eskatu behar izan du.

Norgehiagoka bukatzear zegoenean, epaileak luzapena adierazi eta hiru minutu beranduago, Iñaki Williamsek ezustekoa eman du talde zuri-gorriari garaipenaren gola eskainiz eta Kopako finalerdietako azken txartela eskuratuz.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Unai Simon; Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Vesga (Vesga, 66.m); Muniain (Aduriz, 77.m), Raul Garcia (Ibai, 89.min) eta Williams.

0 - Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Pique (Umtiti, 80.min), Lenglet, Jordi Alba; Sergio Busquets, De Jong, Rakitic (Athur, 69.min), Sergi Roberto; Messi eta Ansu Fati (Griezmann, 57.min).

Golak: 1-0, 93.min: Iñaki Williams.

Epailea: Juan Martinez Munuera.