Itxi

Athletic Club

ERREGINAREN KOPA

Athletic final-laurdenetan izango da, Granadillari luzapenean irabazita (3-0)

EITB.EUS

Arauzko denbora hutsean amaitu ostean, zuri-gorrien golak denbora gehigarrian iritsi dira. Garazi (penaltiz), Lucia eta Vanesa izan dira golegileak.

1:22
Vanesa Gimbert

Athleticek ondo sufritu behar izan du Erreginaren Kopako final-zortzirenetako kanporaketan Tenerifeko Granadilla taldea gainditzeko (3-0), luzapenera jo behar izan baitu hori erdiesteko. Bertan, Garazi Murua erdiko atzelariak (penaltiz, 98. minutuan), Lucia Garcia aurrelariak (115. minutuan) eta Vanesa Gimbertek (120. minutuan) lortu dituzte zuri-gorriei sailkapena ekarri dieten golak.

Markagailuko aldea handiegia izan da Lezamako zelai gainean ikusi denerako, lehia oso estua izan baita orokorrean. Alabaina, azkenerako gehiegizko zigorrarekin itzuli behar izan du Granadillak etxera, nahiz eta arauzko denboran zehar Athleticen pare ibili den une gehienetan.

Dena dela, Aline Reis atezain brasildarrari esker lortu dute kanariarrek neurketa berdinduta amai zedila 90. minutuak bete eta gero; izan ere, Villacamparen taldeak bi aukera garbi pilatu ditu arauzko denbora amaitu orduko. Lehendabizikoa, Luciak izan du lehen zatia bukatzear zela; alabaina, atezainaren aurrez aurre geratu denean, ez du asmatu haren irteera gainditzen. Bigarrena, berriz, bigarren zatiaren hondarrean heldu da. Oraingo horretan, Oihane Valdezateren jaurtiketa gurutzatua kornerrera desbideratzeko gai izan da Reis.

Ondoren, behin norgehiagoka luzapenean murgilduta zegoela, iritsi da partidako jokaldi erabakigarria. Patri Gavira bisitarien atzelariak ostiko argia eman dio aurpegian Ane Azkonari, arearen marra gainean justu, baloi baten lehian ari zirela. Epaileak penalti puntua adierazi du, eta Garazik Granadillako atezaina iritsi ezin izan den tokian jarri du baloia, arrasean egindako jaurtiketa indartsu batekin.

Gerora, Valdezatek eta Yulema Corresek ez dute urruti izan markagailuko aldea areagotu ahal izatea; aitzitik, zuri-gorriek 115. minutura arte itxaron behar izan dute bigarren gola erdiesteko, Luciaren eskutik. Neurketako azken jokaldian, aldiz, Gimbert izan da protagonista, atzelari beteranoak buruz egin baitu hirugarrena, korner batean.

Horrenbestez, zuri-gorriak final-laurdenetan izango dira.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic Club: Ainhoa Tirapu, Oihane Hernandez (Yulema Corres, 72. min), Vanesa Gimbert, Garazi Murua, Moraza; Damaris, Valdezate (Ainhoa Alvarez, 117. min), Maite Oroz; Azkona (Amaiur, 120. min), Maria Diaz Cirauqui (Nekane, 66. min) eta Lucia Garcia.

0 - UD Granadilla Tenerife Egatesa: Aline Reis, Aleksandra, Jujuga, Patri Gavira, Joyce Borini, Natalia Ramos; Allegra (Koko, 66. min), Pleurer (Adamek, 101. min), Eva Llamas, Tatiana Matveeva 'Tata' (María José Pérez, 57. min) eta Cristina Martin-Prieto (Ana Gonzalez, 74. min).

Golak: 1-0, 98. min: Garazi Murua, penaltiz. 2-0, 115. min: Lucia Garcia. 3-0, 120. min: Vanesa Gimbert.

Epailea: Sara Fernandez Ceferino. Txartel horiak: Moraza, Ainhoa, Lucia Garcia, Maite Oroz (Athletic); Martín-Prieto, Joyce, Patri Gavira, Eva Llamas, Natalia Ramos eta Aleksandra (Granadilla).