Itxi

Athletic Club

Primera Iberdrola

Athleticek bi minututan irauli du Realaren aurkako derbia (2-1)

eitb.eus

Donostiarrak partidako 6. minutuan aurreratu dira Kiana Palaciosek egindako golari esker. Bigarren zatian, Ane Azkonak eta Luciak egindako golek garaipena eman die bilbotarrei.

4:20
Athletic Club. Foto: EiTB

Athleticek Realaren aurka Lezaman jokatutako euskal derbiko hiru puntuak eraman ditu, partida 2 eta 1 irabazita.

Gonzalo Arconadaren taldeak bikain hasi du neurketa, Kiana Palaciosek 6. minutuan egindako golari esker. Realeko jokalariak arean solte geratutako baloia aprobetxatu du eskuinez jaurtiketa egin eta gipuzkoarrak aurretik jartzeko.

Athleticek aurrea pausoa eman du hartutako golari lehenbailehen buelta emateko asmoz, baina zuri-gorriek ez dute aukera argirik izan baloia Mariasun Quiñones atezainaren atean sartzeko.

Atsedenaldiaren ostean, Reala bigarren gola sartzear izan da 52. minutuan, baina Ainhoa Tirapu atezainak erantzun ona eman dio bere erremateari. Baina golak aurkako atean iritsi dira. 66. minutuan, Ane Azkonak buruz errematatu du Eunatek egindako erdiraketa, markagailuan banakoa ezarriz. Eta bi minutu geroago, 68.ean, Luciak bilbotarren bigarrena egin du, Azkonak egindako erdiraketa aprobetxatuta.

Hirugarrena egiteko aukera argia izan dute Villacamparenek 75. minutuan, Luciak egindako baselina baten bidez, baina Mariasun Quiñonesek ondo asmatu du zuri-gorriaren asmoa.

Realak ez du amore eman, eta 82. minutuan partida berdintzeko aukera izan du Eizagirrek egindako errematearekin, baina baloia ez da ate barrua sartu. Azkenean, Athletic garaile, Realaren aurkako derbian.

Fitxa teknikoa

2 - Athletic: Ainhoa Tirapu; Ainhoa Vicente 'Moraza', Vanesa Gimbert, Garazi Murua, Eunate Arraiza (Nerea Nevado, 91. min); Oihane Hernández, Damaris Egurrola, Oihane Valdezate (Yulema Corres, 58. min), Maite Oroz; Ane Azkona (María Díaz Cirauqui, 89. min) eta Lucía García Córdoba.

1 - Reala: Mariasun Quiñones; Lucía Rodríguez, Maddi Torre, Ana Tejada (Iraia Iparragirre, 77. min), Leire Baños (Sara Olaizola, 77. min); Ane Etxezarreta, Nuria Mendoza, Nerea Eizaguirre (Sara Roda, 85. min), Marta Cardona (Manu Lareo, 71. min); Nahikari García eta Kiana Palacios.

Golak: 0-1, 6. min: Kiana Palacios. 1-1, 67. min: Ane Azkona. 2-1, 69. min: Lucía Garcia.