Itxi

Athletic Club

0-1

Osasunak garaipena eskuratu du Athleticen aurka, San Mamesen

Erredakzioa

Oierrek 29. minutuan sartu duen golak (0-1) eman dizkio hiru puntuak talde gorritxoari. Zuri-gorriek bederatzi partida jarraian daramatzate Ligan garaipenik lortu gabe.

  • Osasuna. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak, Oierrek sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak garaipena lortu du Athleticen aurka (0-1) San Mamesen, eta 31 punturekin da Ligako sailkapenean, talde zuri-gorriarekin berdinduta. Athleticek bederatzi jardunaldi jarraian daramatza partidarik irabazi gabe.

Bizi eta erasokor ekin dio Athleticek neurketari, baina ez du abagune argirik sortu. Osasuna sendo mantendu da defentsako lanean. Talde zuri-gorria saiatu da arriskua sortzen, baina Villalibre, Williams, Capa eta Yuri ez dira ondo ibili. Norgehiagokako 29. minutuan, Osasunak partidan izan duen abagune bakarrean, Oierrek 0-1ekoa sartu du; falta atera du talde gorritxoak, Brasanacek errematea egin du Yerayri aurrea hartuta, Unai Simon atezainak desbideratu egin du, baina aldaratzean Oierrek ez du barkatu.

Athleticek lehia berdintzea lortu du sei minutu beranduago, baina epaileak baliorik gabe utzi du Williamsek sartutako gola, ustez Raul Garciak falta egin diolako Sergio Herrera Osasunako atezainari.

Bigarren zatiaren hasieran, Herrera atezainak baloia aldendu nahi izan du, Raul Garciaren bizkarrean jo, eta ez da gutxigatik sare barruan sartu. Ia jarraian, epaileak ez du Unai Garciak area barruan egin duen penalti argia adierazi, Osasunako defentsak baloia eskuarekin moztu duen arren. VARa ez da jokaldian sartu, beraz, ezerezean geratu da. Partidako 60. minutuan, Vencedorrek langara bota du falta jaurtiketa.

Geroago, beste penalti bat eskatu du Athleticek, Williamsen eta Sergio Herrera atezainaren arteko buruz burukoan, baina honetan ere ez du ezer adierazi epaileak. Talde zuri-gorriak erasora jo du itsu-itsuan, eta Williamsek buruz egin duen errematea, atezainaren eskuetara joan da. Azken minutuan, gertu izan du berdinketa Bilboko taldeak, baina Herrerak Caparen jaurtiketa desbideratu ostean, Adurizek zutoinera bidali du errematea.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Vencedor (Ibai Gomez, 74. min), Vesga, Raul Garcia (Aduriz, 68. min); Williams eta Villalibre (Sancet, m.46).

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal (David Garcia, 88. min), Unai Garcia, Aridane, Roncaglia, Estupiñan; Oier Sanjurjo (Fran Merida, 91. min), Darko Brasanac, Iñigo Perez; Adrián (Roberto Torres, 76. min) eta Enric Gallego.

Gola: 0-1, 29. min: Oier Sanjurjo.

Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes. Txartel horiak atera dizkie Vencedor (27. min), Iñigo Martinez (77. min) eta Aduriz (80. min) Athleticeko jokalariei, baita Roncaglia (38. min), Oier (40. min), Enric Gallego (48. min) eta Darko (55. min) Osasunako futbolariei.

VAReko epailea: Alfonso Alvarez Izquierdo.