Itxi

Athletic Club

Lehen taldea

Athleticeko jokalariek euren soldata murriztuko dute

eitb.eus

Gizonezkoen lehen taldeko jokalariek, kapitainak buru dituztela, arduraz eta konpromiso handiz jokatzea erabaki dute.

  • Athletic

    Athletic

Athletic Clubek bere webgunean jarritako agiri baten bitartez iragarri du berria:

'Animo eta babes mezu instituzional berri bat helarazi nahi izan die Coronavirus-19k eragindako pandemian hildako bazkide eta zale zuri-gorrien senideei, San Mamesen futbola berriz jokatu daitekeenean haientzat bihotzezko omenaldi bat egiteko asmoa duena. Oroitzapen hau kirol-zale guztiengana hedatzen da, eta, jakina, baita munduan zehar gaixotasunaren astinaldia jasaten duten biztanleengana ere.

Kluba prest dago bere langileekin eta kontratatutako zerbitzuekin dituen konpromiso ekonomiko guztiei aurre egiteko, eta Lezaman edo San Mameseko harmailetan dituen hobekuntza planei eusteko, nahiz eta egoera larria eta ustekabekoa izan. Baina ez da pandemiatik eratorritako errealitate ekonomiko eta sozial berriari bizkar emanda bizi. Hori dela eta, entitatearen estamentuek hasieratik eman dute pausoa Athleticen alde amore emanez kaltea murrizteko, lehen langiletik azkenekora. Konpromisoa eta batasuna lehen egunetik, bereizten gaituzten balioak. Gure klubean zerbait indartsua bada espiritu kolektiboa da.

Testuinguru horretan, Athletic Clubeko gizonezkoen lehen taldeko jokalariek, kapitainak buru dituztela, arduraz eta konpromiso handiz jokatzea erabaki dute, beren borondatez eta modu esanguratsuan ordainsaria murrizteko, 2019-20 denboraldiaren itxierari eragin diezaioketen baldintzen arabera.

Egoera eta kasu bakoitzeko kopuruak honako hauek izango lirateke:
– Lehiaketa etetea, %17a.
– Lehiaketari ateak itxita berrekitea, %6a.

Erabaki hori lehen taldeko jokalariek eta teknikariek hartu dute, eta klubeko zuzendaritza nagusiak eta kirol-zuzendaritzak ere hartu dute. Erabaki horrek erakundeko gainerako langileei eragingo liekeen neurriak saihesten ditu, eta zuzenean laguntzen du bazkideen kuoten inguruan ezartzen diren prozesuei irtenbidea ematen.

Akordio hori bat dator gure lehen taldeko jokalariek Osakidetzaren alde modu desinteresatuan egindako dohaintzarekin, osasun-krisiaren lehen egunetan. Euskal Osasun Zerbitzuak publikoki aitortu zuen keinu hori.

Athletic Club harro agertzen da familia handi hau osatzen duten pertsona guztiez eta bere balioen kultura hautsezinaz, bereziki baliotsua bihurtzen baita hau bezalako une zailetan.

Alde horretatik, gure erakundeak ezin ditu bere bazkideak ahaztu, eta, jakina, lehenbailehen proposatuko ditu haiei eragiten dieten kuoten zein beste baldintza batzuetan lagundu eta kudeatzeko neurri-sorta bat.

Talde profesionalak entrenamenduetara itzultzeari dagokionez, erakunde ofizialen erabaki eta jarraibideen eskutik joango da. Kirolarien eta langileen segurtasuna zaintzen jarraitu nahi dugu, hori da gure lehentasun osoa. Bien bitartean, Athletic Clubeko maila guztietako jokalariek lan gogorra egiten jarraitzen dute zelaietara itzultzea amets eginez. Argi daukagu, gainera, Kopako finala ikusleekin jokatu nahi dugula, eta horrek denboraldia, birusa garaitu dugula ziurtatuta amaitzea suposatuko luke. Hobe berandu sekula baino.

Era berean, klubeko gainerako langileen profesionaltasuna goraipatu behar da, oso egoera zailetan: distantziatik, telelanarekin eta 24 orduetan irudimena areagotuz.

Egunez egun gertu gaude, eta are gertuago egongo gara, sentsibilitatez, adineko gure bazkideengandik  eta gazteenengandik. Banakako kontaktua gure eguneroko ahaleginaren islada da. Ekintza berezietan laguntzen dugu, osasun-langileen eta gaixoen morala altxatzeko eta horretan ere, gure jokalari guztiek beraien maitasun guztia jartzen ari dira. Oraindik askoz gehiago egin nahi dugu, baina gero eta gutxiago falta da…'