Itxi

Athletic Club

Lesio bategatik

Futbola utzi duela iragarri du Adurizek

Agentziak | Erredakzioa

Denboraldia amaitu aurretik utziko dio jokatzeari Athleticeko aurrelari beteranoak, aldakako lesio batek behartuta.

1:32
Aduriz, talde zuri-gorriko golegilerik onenetakoa, badoa

Aritz Aduriz Athleticeko aurrelariak futbola utzi duela iragarri du. "Hori egiteko garaia" iritsi zaio, medikuek "atzo bertan" gomendatu baitzioten "ebakuntza-gelara sartzea, aldaka-protesi bat jartzeko".

Sare sozialetan argitaratu duen gutun batean, Adurizek adierazi du "garaia iritsi dela". "Askotan aipatu izan dut futbolak zu uzten zaituela zuk futbola utzi baino lehen. Atzo bertan, medikuek ebakuntza-gelan sartzea gomendatu zidaten, bihar etzi baino hobeto, nire aldaka ordezkatuko duen protesi bat jartzeko. Horrela, eguneroko bizitzari ahalik eta normaltasun handienarekin egin ahalko diot aurre", zehaztu du.

Halaber, adierazi duenez, "tamalez", gorputzak "aski dela" esan dio. "Ezin diet taldekideei gustatuko litzaidakeen eta merezi duten bezala lagundu. Kirolari profesional baten bizitza ere horrelakoa da. Sinplea, oso sinplea".

Hori esanda, nabarmendu du "zoritxarrez, askoz ere larriagoak eta mingarriagoak diren egoerak" ari garela bizitzen: "Pairatzen ari garen pandemiak konpondu ezinezko kalteak utzi dizkigu, eta haren aurka borrokatzen jarraitu behar dugu, guztion artean". "Beraz", dio, "ez kezkatu nigatik, hau pasadizoa besterik ez da".

 

"Ahaztu ditzagun amestutako amaierak, izango dugu elkarri agur esateko aukera. Bai, agur esateko ordua heldu da, eta honela amaitu da niretzat bide hau; ahaztezina eta miresgarria izan da, hasieratik amaierara arte”, amaitu du gutuna Adurizek. Eskerrak, "bihotzez", eman dizkie jarraitzaile guztiei.

Aritz Adurizek 39 urterekin utzi du futbola. XXI. mendean, Athleticeko golegilerik nagusiena izan da, eta klubeko historiako seigarrena, 172 gol sartuta. Aurretik,  Zarra (335), Bata (208), Dani (199), Gorostiza (196) eta Iraragorri (179) utzi ditu.