Athletic Club
12 talde batzartu dira
Lehen Mailako klubek aldaketa sakona proposatzen dute Ligan
Erredakzioa
Hamabi talde izan dira Del Nido Sevillan antolatutako batzarrean. Egoera hobetzeko Futbol Liga Profesionalaren estatutuak aldatzetik hasi beharko litzateke.
-
Sevillan bildu diren 12 taldeetako ordezkariak. Argazkia: EFE
Sevillan Del Nido presidenteak deitutako batzarrera Lehen Mailako hamabi talde hurbildu dira eta Futbol Liga Profesionalean aldaketa sakon bat egitea proposatzea erabaki dute. Estatutu aldaketatik hasi beharko litzateke guztia.
Jose Maria Del Nido Sevillako presidenteak adierazi du jada ez dagoela atzera bueltarik. Gauzak aldatzen ez badira futbolak etorkizun gutxi duela azpimarratu nahi izan du. Astiazaran LFPko presidentearen inguruan ez dutela hitz egin ere argitu nahi izan du Del Nidok eta argi utzi du LFPko egituran egin beharreko aldaketez aritu direla hizketan.
Batzar honetara ez dira ez Bartzelona ezta Real Madril deituta egon, baina beste talde batzuk ere falta izan dira. Mallorca, Getafe, Sporting, Levante, Rayo eta Reala ez dira batzarrera joan. Del Nidok esan du hitz egindakoaren berri emango zaiela talde hauei eta hiru edo lau aste barru egingo den beste bilera batera club horiek etortzea espero suela ere baieztatu du.
Taldeek telebistekin sinatuta dituzten hitzarmenak errespetatuko dituzte, baina klub guztiek batera telebisten eta publizitatearen dirua kudeatu eta dena batera saltzea da helburua. Bigarren Mailako taldeek telebista eskubideen komerzializazioaren zati bat eramango zuketeen.