Itxi

Athletic Club

EUROPA LEAGUE

Athletic-Salzburg (2-2): Llorentek puntu bat erreskatatu du

ERREDAKZIOA

Fernando Llorentek berdinketa lortu du bi penalti sartuta. Austriarrak lehen zatian aurreratu dira markagailuan, Wallner eta Leonardoren golei esker.

  • Llorente baloiaren atzetik Salzburgen aurka. Argazkia: EFE.

    Llorente baloiaren atzetik Salzburgen aurka. Argazkia: EFE.

Hiru neurketa jarraian irabazi ondoren Athleticek bolada onarekin jarraitu nahi zuen. Baina, ezin izan du Europa Ligako hirugarren jardunaldian irabazi.

‘Lehoiak’ hasieratik izan dira baloiaren jabeak eta kontrako areara gehigotan heldu dira. Aukerak bata bestearen atzetik etorri dira. Muniainen jaurtiketak eta Llorenteren burukadak ez dira sarean bukatu. Zuri-gorriak jokoan nagusi izan dira, baina Salzburgo bizkorrago aritu da.

Austriako taldeak kontraerasoak maisuki aprobetxatu ditu eta eraginkorragoa izan da. Lehen zatian hiru alditan soilik heldu da arriskuarekin Athleticen zelaira, baina horietako bitan gola egin du. Wallnerrek bere taldea 29. minutuan aurreratu du Leonardok hasitako kontraerasoan. Hurrengo jokaldian Llorentek erantzuteko aukera izan du, baina Leonardo izan da 35. minutuan gola egin duena. Markagailua alde izanda, Salzburgekoak neurketa kontrolatu nahi izan dute.

Atsedenaldiaren ostean Athletic erritmoarekin irten da berdegunera eta norgehiagokari buelta emateko intentzioa izan du. Zortea ‘lehoien’ alde jarri da. Sekagyak Herrera lurrera bota du eta epaileak penaltia adierazi du. Llorentek penaltia jaurti eta aldea txikitu du.

Minutu batzuk geroago Lindarenek eskuarekin urrundu du baloia eta Ivan Bebekek ez du dudarik izan bigarren penaltia adierazteko. Llorente izan da, berriro ere, baloia jaurti duena eta Gustafssoni gola sartu dio. Binako berdinketarekin Toquerok eta Llorentek euren hanketak hiru puntuak eskuratzeko aukera izan dute, baina neurketa amaitzear zegoen.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola (Herrera, 64. min), Ekiza (Gabilondo, 46. min), Amorebieta, Aurtenetxe; Javi Martínez; Susaeta (Toquero, 87. min), Iturraspe, De Marcos, Muniain; eta Llorente.
2 - FC Salzburg: Gustafsson; Schwegler, Pasanen, Sekagya, Hinteregger; Zárate (Hierlander, 93. min), Schiemer (Lindgren, 59. min), Svento, Leonardo; Cziommer eta Wallner (Maierhofer, 91. min).

Golak: 0-1, 29. min: Wallner. 0-2, 36. min: Leonardo. 1-2, 67. min: Llorente, penaltiz. 2-2, 74. min: Llorente, penaltiz.

Epailea: Ivan Bebekek Lindaren kaleratu du 74. minutuan bi txartel hori erakutsi eta gero. Txartel horia: Herrera eta Cziommer, Leonardo, Gustafsson, Wallner eta Pasanen.