Itxi

Athletic Club

Igandean 20:00etan

Valentzia-Athletic: Mestallak neurtuko du zuri-gorrien hobekuntza

Erredakzioa

Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeak aurkari gogorra izango du igandean. Valentziarren aurka ikusiko da zenbateraino hobetu den talde bizkaitarraren jokoa.

  • Borja Ekiza eta Soldado iragan denboraldiko Athletic-Valentzia partidan. Argazkia: EFE

Athletic Clubek igandean jokatuko du Mestallan (20:00etan) Valentziaren aurka BBVA Ligako zortzigarren jardunaldiko partida. Aurkari gogorra izango da Unai Emeryren taldea.

Valentziak zenbaki onak ditu Ligan, 14 puntu eskuratu ditu eta partida bakarra galdu du. Txapeldunen Ligan, ordea, talde ez dabil fin. Aste honetan kolpe zitala jaso zuen Valentziak Bayer Leverkusenen aurka 2-1 galduta.

Bestalde, Athleticek gaizki hasi zuen Liga, baina hobetuz joan da. Azken bi partidak irabazi egin dituzte zuri-gorriek (Realaren eta Osasunaren aurka) eta Europa Leaguean zazpi puntu atera ditu 9 puntu posibleetatik. Javi Martinezek aste honetan esan bezala, Mestallan ikusiko da Athleticek zenbateraino hobetu duen bere joko maila.

Marcelo Bielsak jokalari hauek sartu ditu deialdian: Iraizoz, Toquero, Aurtenetxe, Amorebieta, San Jose, David Lopez, Iturraspe, Llorente, De Marcos, Gabilondo, Raul, Susaeta, Iraola, Gurpegi, Muniain, Ander Herrera, Ekiza eta Javi Martinez.