Itxi

Athletic Club

10. JARDUNALDIA

Athleticek arnasa hartu du Betisen aurka garaipen argia lortuta (4-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek berebiziko garrantzia duten hiru puntu lortu dituzte, eta 12rekin daude sailkapenean, denboraldiko orain arteko partidarik onena jokatu eta gero.

0
Athletic – Betis partidako laburpena eta gol guztiak

Athleticek nagusitasun osoz irabazi dio Betisi (4-0) astelehen honetan, Santander Ligako 10. jardunaldiari zegokion partidan. Lortutako hiru puntuek berebiziko garrantzia izan dute zuri-gorrientzat sailkapenean lasaitasuna hartzeko, eta baita Gaizka Garitano entrenatzailearentzat ere, bere inguruan azkenaldian sortutako zalantza ugariak baretze aldera.

Bilboko taldeak urteko laugarren garaipena lortu du, hirugarrena jarraian bere zelaian, eta bertan indarra hartzen hastea eta maila altuagoetara begiratzen saiatzea espero du hemendik aurrera.

Garitanok berritasun nabarmenak jarri ditu hasierako hamaikakoan; izan ere, Vencedor eta Vesga zelairatu ditu zelai erdian, Dani Garcia eta Unai Lopezek jokatu ohi duten lekuan, eta Villalibrek aurrelariaren lanak bete ditu, Raul Garciaren ordez.

Zuri-gorriek lehen zati bikaina gauzatu dute Betis zalantzati baten aurka. Gainera, partida hasi eta gutxira, aurretik jartzea lortu dute bilbotarrek, Victor Ruizek aldentzen asmatu ez eta bere atean sartu duen baloi batean.

Golak etxekoen jokamoldea sendotu du, eta abiaduraz eta zuzen jokatzen jarraitu dute Claudio Bravoren atea behin eta berriro bilatu nahian. Hala, 2-0ekoa lehen zatiaren ordu erdiarekin batera heldu zaie etxekoei, Capak sare barrura bidali duenean atezain txiletarrak aldaratutako baloi bat, Villalibreren burukada on baten ostean.

Atsedenaldiaren ostean, norgehiagoka ez da gehiegi aldatu, nahiz eta Betisek ekimena hartu nahi izan duen; alabaina, Athletic zen beti arriskua sortzen zuena, bereziki Muniainen eta Villalibreren bidez.

Bien artean eraiki dute 3-0eko jokaldia: nafarrak bikain ikusi du gernikarraren desmarkea, eta hark baloia area barruan jarri du zuri-gorrien kapitainaren iritsieraren bila. Bravok gelditu egin du Muniainen lehen errematea, baina ezin izan du ekidin bigarren burukada.

Gaua biribildu duen laugarren gola handik gutxira etorri da, Berenguerrek ezin hobeto errematatu duenean area barrutik Yurik ezkerretik erdiratutako baloia.

Fitxa teknikoa:

4 - Athletic: Unai Simón; Capa, Yeray, Iñigo Martínez, Yuri (Balenziaga, 88. min); Vencedor, Vesga; Williams (Raúl García, 76. min), Muniain (Sancet, 70. min), Berenguer (Morcillo, 70. min) eta Villalibre (Lekue, 88. min).

0 - Betis: Claudio Bravo; Emerson, Sidnei, Víctor Ruiz, Álex Moreno; Guido Rodríguez, William Carvalho (Guardado, 61. min); Joaquín (Lainez, 70. min), Rodri (Aitor Ruibal, 83. min), Tello (Loren, 61. min) eta Sanabria (Borja Iglesias, 61. min).

Golak: 1-0, 9. min: Víctor Ruiz, bere atean. 2-0, 33. min: Capa. 3-0, 59. min: Muniain. 4-0, 68. min: Berenguer.

Epailea: Javier Alberola Rojas. Ez du txartelik atera.