Itxi

Athletic Club

0-2

Athleticek porrota jaso du Celtaren aurka

eitb.eus

Zuri-gorriek 0-2ko emaitzarekin galdu dute San Mamesen jokatu den partidan. Hugo Mallo eta Iago Aspas izan dira neurketako golegileak.

2:18
Athletic vs Celta

Athleticek porrota jaso du Celtaren aurka (0-2) San Mamesen. Talde zuri-gorriak bi partida jarraian zeramatzan galdu gabe, eta bolada horri amaiera eman dio. Bigarren zati kaskarra jokatuko du talde bizkaitarrak eta egin dituen hutsak garesti ordaindu ditu.

Norgehiagoka hasi eta lasterrean Murillo Celtako jokalariak eskuarekin jo du baloia area barruan, baina epaileak ez du penaltia adierazi kolonbiarrak lehenengo baloia hankarekin jo duelako. Ondoren, Celtak izan du abagunea, baina Unai Simon atezainak desbideratu egin du Santi Minaren jaurtiketa. Athleticek azkar erantzun du; Williamsek erdiraketa egin du eskuin hegaletik eta Muniainen errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Norgehiagoka parekatua izan da hasierako minutuetan, eta 17.ean talde bisitaria gola sartzetik gertu egon da, nahiz eta Olazaren jaurtiketak ez duen atea aurkitu. Lau minutu beranduago, Vesgaren saiakera kanpora joan da area kanpotik egin duen jaurtiketaren ondoren.

Lehen zatiaren erdialdera arte neurketaren erritmoa bizia izan da eta bi taldeek izan dituzte gola sartzeko aukerak. Hala ere, atsedenaldira iritsi aurreko azken 20 minutuetan Athletic eta Celta ez dira gai izan abagune argiak sortzeko eta partida golik gabe heldu da atsedenaldira.

Berenguerrek izan du gola sartzeko aukera bigarren zatiaren hasieran, baina jokalari nafarrak area barrutik egin duen jaurtiketa kanpora joan da. Ondoren, Celtak gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du Iago Aspas jokoz kanpo egon delako. Hala ere, hurrengo jokaldian, Celtak berriz zulatu du Athleticen atea Hugo Malloren bitartez (0-1) eta gol hau balekoa izan da.

Gola jaso ostean, zuri-gorriek erasora jo dute, baina ezin izan dute abagune argirik sortu. Partidako 78. minutuan, Unai Simonek huts egin du eskuarekin pasea ematerakoan, Brais Mendezek baloia jaso, baloia area barruan jarri eta Aspasek 0-2koa sartu du.

Celtaren bigarren golak erabakita utzi du norgehiagoka, Athletic ezinean ibili da azken minutuetan, eta Vigoko taldeak eskuratu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic Club: Unai Simon; Capa, Yeray, Unai Nuñez, Yuri (Balenziaga, 46. min); Vencedor (Unai Lopez, 62. min), Vesga; Williams (Morcillo, 79. min), Muniain (Sancet, 79. min), Berenguer; eta Villalibre (Raul Garcia, 62. min).

2 - RC Celta: Rubén Blanco; Hugo Mallo, Nestor Araujo, Murillo, Olaza; Tapia; Brais Mendez (Miguel Baeza, 91. min), Denis Suarez, Nolito (Aidoo, 71. min); Iago Aspas (Fran Beltran, 88. min) eta Santi Mina.

Golak: 0-1, 61. min: Aspas. 0-2, 78. min: Aspas.

Epailea: Jorge Figueroa Vazquez. Txartel horiak atera dizkie Unai Nuñez (26. min) eta Vesga (84. min) Athleticeko futbolariei, baita Murillo (53. min) Celtako jokalariari.