Itxi

Athletic Club

Rosaleda, 21:00etan

Athleticek Superkopako beste final bat jokatu nahi du

Aurrean egungo txapelduna izango dute zuri-gorriek, Real Madril. Partida zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango da Euskadi Irratian.

  • Athletic-Real Madril, Superkopako finalerdia

    Athletic-Real Madril, Superkopako finalerdia

Real Madrilek eta Athletic Clubek Superkopako bigarren finalerdia jokatuko dute gaur gaueko 21:00etan Malagako Rosaleda futbol-zelaian.

Bart Bartzelonak erdietsi zuen iganderako finalerako txartela penaltietan Reala gaindituta eta gaur Athleticek lortu nahi du txartel hori Muniainek prentsaurrekoan adierazi zuen bezala.

Zinedine Zidanen taldea egungo txapelduna da iaz Atletico Madrili penaltietan ere irabazi eta gero. Talde zuria ez dago denboraldiko momentu onenean, baina titulua errepikatzeko asmoarekin heldu da Andaluziara.

Bi taldeek abenduaren 15ean jokatu zuten elkarren aurka Madrileko Alfredo Di Stefano futbol-zelaian, eta nahiz eta Real Madrilek 3-1 irabazi ez zuen partida erraza izan, gainera Athletic hamar jokalariekin aritu zen ordu bete Raul Garciak txartel gorria ikusi baitzuen.

Gaurko partidarako Marcelinoren gizonak atseden egun gehiagorekin helduko dira larunbateko Atleticoren kontrako neurketa bertan behera geratu zelako elurteagatik. Real Madrilek, ordea, elurpean jokatu behar zuen Sadarren Osasunaren aurka hutsean geratu zen partidan.

Hamaikakoari dagokionez, Yuri lesionatuta dago eta bere ordez Unai Nuñez edo Yeray bueltatu daiteke; Marcelinoren beste zalantzak zelai erdian daude, Vencedor, Vesga edo Dani Garcia bi lekurako eta hegalean De Marcos edo Berenguer.

FITXA TEKNIKOA

USTEZKO HAMAIKAKOAK

REAL MADRIL: Courtois; Lucas Vazquez, Varane, Sergio Ramos, Mendy; Kroos, Casemiro, Modric; Asensio, Benzema eta Hazard.

ATHLETIC CLUB: Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Balenziaga; Vencedor, Vesga; De Marcos, Raul Garcia, Muniain; eta Williams.

Epailea: Martinez Munuera.

Futbol-zelaia: Rosaleda.

Ordua: 21.00