Itxi

Athletic Club

Errege Kopa

Athleticek finalerdietarako txartela lortu du, Betis penaltietan mendean hartuta

A. B. | EITB Media

Talde zuri-gorriak garaipena lortu du Kopako final-laurdenetan. Arauzko 90. minutuak bana berdinduta (1-1) amaitu dira, Raul Garciak azken minutuan gola sartu duelarik. Penaltietan, Athletic garaile.

  • Athletic Club

    Athleticeko jokalariak Raul Garciaren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek Errege Kopako finalerdietarako txartela lortu du Betisi penaltetan irabazita. Final-laurdenetako partida parekatua izan da, eta emozioz betetakoa. Betisek aurrea hartu du markagailuan (1-0) 84. minutuan Juanmiren golarekin, eta Raul Garciak berdindu du (1-1), 93.ean. Luzapenean ez da golik egon eta talde zuri-gorriak penaltien txandan lortu du garaipena (1-4).

Neurketaren hasieran baloiaren jabe egin da Athletic, eta nagusi izan da, abagune argiak sortzea kosta zaion arren. Lehen abisua talde zuri-gorriak eman du, baina ez Villalibre ezta Berenguer ez dira errematea egitera iritsi, hegaletik zetorren erdiraketaren ostean. Lehen zatia parekatua izan da, baina Betisek izan ditu markagailuan aurrea hartzeko aukera onenak. Argiena, 28. minutuan etorri da, Yerayk huts egin eta Canalesek jaurtiketa kanpora bidalita. Bost minutu beranduago, Lekuek baloia desbideratu du area barruan, Ruibalengan jo eta ez da gutxigatik sartu Unai Simonek babestutako atean. Atsedenaldira heldu aurretik, Athleticek izan du abagunea; Yurik falta atera, eta Yerayren errematea Joel atezainak gelditu du.

Parekotasuna izan da nagusi bigarren zatiaren hasieran, eta bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea. Athleticek lehen gola sartzeko aukera izan du 64. minutuan;  talde zuri-gorriak jokaldi ona egin du, Yuri area barruan sartu da, eta Joel atezainak desbideratu du jaurtiketa, gola eragotziz. Lau minutu beranduago, Yurik ezker hegaletik erdiratu, eta De Marcosen errematea kanpora joan da oso gutxigatik,, langa gainetik. Athleticek minutu onak izan ditu, eta 73. minutuan gola gertu izan du, baina Vesgak area barruan eman duen pasea Mirandak moztu du, De Marcos atepean errematea egiteko prest zegoenean.

Azken minutuetan, Betisek erasora jo du, baina Athleticek lan ona egin du defentsan, eta ez dio abagunerik sortzen utzi. Hala ere, 84. minutuan, ezker hegaletik zetorren erdiraketaren eta errebote baten ostean baloia solte geratu da area barruan, eta Juanmik 1-0ekoa sartu du, Unai Simon gaindituta.

Athleticentzat dena galduta zegoela ematen zuenean, azken minutuan, Iñigo Martinezek erdiratu, eta Raul Garciak banakoa jarri du markagailuan (1-1), erremate bikain bat eginda. Ondorioz, luzapenera joan da neurketa.

Luzapenena hasi eta lasterrean izan du abagunea Athleticek; Morcillok boleaz jaurti, eta Joel atezainak desbideratu du baloia. Betisen erantzuna 104. minutuan etorri da, baina Yeray atepetik atera du Joaquinen jaurtiketa. Luzapeneko bigarren zatiak erritmo bizia izan du, baina ez da abagunerik egon, eta irabazlea penalti jaurtiketen bidez erabaki behar izan da.

Athletic hasi da jaurtitzen, eta Raul Garciak sartu egin du. Ondoren, Mandik ez du huts egin Betisentzat. Williamsek gola sartu du, eta Unai Simonek jaurtiketa gelditu dio Canalesi. Athleticen hirugarren jaurtiketa Morcillok sartu du, eta Unai Simonek beste geldiketa bat egin du, oraingoan Juanmiri. Yurik hartu du zuri-gorrien laugarren penaltia jaurtitzeko ardura, gola sartu du, eta Athleticek lortu du garaipena eta finalerdietarako txartela.

Fitxa teknikoa:

1 - Betis: Joel Robles; Emerson, Mandi, Victor Ruiz, Miranda (Emerson, 105. min); William Carvalho (Tello, 105. min), Guido Rodriguez (Joaquin, 91. min); Aitor Ruibal (Juanmi, 74. min), Fekir (Sidnei, 93. min), Canales; Borja Iglesias (Guardado, 88. min).

1 - Athletic Club: Unai Simón; Lekue (Capa, m.78), Yeray, Iñigo Martínez, Yuri; De Marcos, Dani García (Unai Vencedor, m.78), Mikel Vesga (Unai López, m.87), Berenguer (Morcillo, m.87); Raúl García, Villalibre (Williams, m.67).

Golak: 1-0, 84. min: Juanmi. 1-1, 94. min: Raul Garcia.

Penalti jaurtiketen txanda: 1-0: Raul Garcia. 1-1: Mandi. 2-1, Iñaki Williams. 2-1: Canales (Unai Simonek gelditu du). 3-1: Morcillo. 3-1: Juanmi (Unai Simonek gelditu du). 4-1: Yuri.

Epailea: Alejandro Hernandez Hernandez. Txartel horiak atera dizkie Aitor Ruibal (55. min) eta William Carvalho (83. min) Betiseko jokalariei, baita Yuri (39. min), Yeray (42. min), Dani Garcia (48. min), Iñigo Martinez (53. min), Lekue (72. min) eta Raul Garcia (83. min) Athleticeko futbolariei.