Itxi

Athletic Club

1-1

Berdinketa Kopari begira dauden Athleticen eta Levanteren artean

A. B. | EITB Media

Talde zuri-gorriak bana (1-1) berdindu du Valentzian jokatu duen Ligako 25. Jardunaldiko partida. Roger Martik sartu du lehen gola penaltiz, eta Raul Garciak ere penaltiz sartu du zuri-gorrien gola.

0
Levante – Athletic partidako laburpena eta gol guztiak

Athleticek bana (1-1) berdindu du Levanteren aurka Ciutat de Valencia estadioan jokatu duen Ligako 25. jardunaldiko partida. Bi taldeak sailkapenaren erdialdean daude, eta Errege Kopako finalerdietako itzuliko partidan indarrak neurtuko dituzte berriro, ostegunean.

Baloiaren jabe egin da Athletic hasieratik, eta abagune argiak izan ditu markagailuan aurretik jartzeko. Munianek izan du gola sartzeko lehen aukera, baina baloia ez da sare barrura sartu Aitor atezainarengan eta zutoinean jo ostean. Jaun eta jabe izan da Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldea, eta Levante ezinean ibili da. Hala ere, abagunerik sortu gabe, Vencedorrek baloia galdu du pase oso txar bat emanda, De Frutosek jaso du, area barruan sartu da, eta Nuñezek penaltia egin dio, gorputza sartu beharrean lurrera bota eta Levanteko jokalaria zangotrabatuta. Jaurtiketa Roger Martik egin, eta 1-0ekoa sartu du 32. minutuan.

Gola jaso ostean, talde zuri-gorria izan da nagusi. Williamsek pase luze bat bikain kontrolatu du area barruan, baina errematea Aitor Fernandez atezainak desbideratu du. Neurketako 42. minutuan, Athleticek falta atera, Raul Garciak buruz jo, eta Williamsen errematea kanpora Joan da Rober Pierrengan jo ostean. Atsedenaldira iritsi orduko, zuri-gorriek jokaldi ona egin dute, baina Aitorrek gelditu du Berenguerren jaurtiketa.

Bigarren zatiari ondo ekin dio Athleticek, 52. minutuan Rober Pierrek penaltia egin baitio Berenguerri. Jaurtiketa egiteko ardura Raul Garciak hartu, eta banakoa (1-1) jarri du markagailuan.

Neurketa berdindu ostean, talde bizkaitarrak nagusi izaten jarraitu du, baina lehen zatian baino gehiago kosta zaio abaguneak sortzea. Unai Nuñezek gertu izan du gol 67. minutuan, nahiz eta Portugaletekoak kanpora errematatu duen Caparen erdiraketa on baten ostean. Ondoren, Aitor Fernandezek ondo gelditu du Iñigo Martinezen jaurtiketa.

Levantek bigarren zatian izan duen lehen abagunea 75. minutuan iritsi da, gutxigatik kanpora joan den Roger Martiren errematearekin. Bost minutu beranduago, De Frutosek pase luzea jaso du, area barruan sartu da, eta Unai Simon atezainak desbideratu du jaurtiketa.

Partidako azken txanpan bi taldeetako bat ere ez da gai izan abagune argiak sortzeko, ahalegina egin duten arren, eta norgehiagoka bana berdinduta amaitu da.

Fitxa teknikoa:

1. Levante: Aitor, Son, Coke (Miramon, 57. min), Duarte, Rober Pier, Clerc, De Frutos (Sergio Leon, 84. min), Vukcevic (Malsa, 57. min), Rochina, Morales (Dani Gomez, 73. min) eta Roger (Toño, 84. min).

1. Athletic Club: Unai Simon; Capa, Nuñez, Iñigo Martínez, Balenziaga (Lekue, 67. min); Berenguer (Villalibre, 76. min), Vencedor (Oier, 84. min), Vesga, Muniain (Morcillo, 67. min); Williams (De Marcos, 76. min) eta Raul Garcia.

Golak: 1-0, 34. min: Roger, penaltiz. 1-1, 56. min. Raul Garcia, penaltiz.

Epailea: Diaz de Mera. Txartel horiak atera dizkie Coke, Vukcevic eta Son Levanteko jokalariei, baita Morcillo Athleticeko futbolariari. Paco Lopez Levanteko entrenatzaileak ere txartel horia ikusi du.