Athletic Club
26. jardunaldia
Luzapenean lortu du garaipena Athleticek Granadaren aurka (2-1)
A. A. | EITB MEDIA
Berenguerrek 91. minutuan sartutako gol batek hiru puntuak eman dizkie zuri-gorriei. Aurretik, Villalibrek agintzen jarri ditu bilbotarrak, baina Jorge Molinak berdindu egin du 10 minuturen faltan.
Athleticek garaipena erdietsi du Granadaren aurka Alex Berenguerrek partidako luzapenean (91. minutua) sartu duen golari esker. Markagailuak banakoa erakusten zuen ordura arte; izan ere, Asier Villalibrek aurretik jarri du etxeko taldea, neurketa hasi eta berehala (3. minutua), baina Jorge Molinak emaitza orekatzea lortu du bigarren zatiko amaiera aldera (78. minutua).
Berenguerrek Victor Diazen aldaratze bat jaso du area barruan neurketa agortzen ari zela, eta bere ezkerkada gogorra andaluziarren ate barrura sartu da, Rui Silvak ukitu duen arren.
Alabaina, neurketa behin betiko erabakita utzi duen gol hori baino lehen, Villalibrek aurretik jarri ditu etxekoak, lehia hasi eta hiru minutu baino igaro ez direnean. Dena den, Jorge Molinak berdinketa ezarri du markagailuan 78. minutuan.
Athleticek bi eta hutsekoa erdiesteko aukera paregabea izan du penalti baten bidez (71. minutua). Martinez Munuera epaileak ez du zalantzarik izan Kenedyk Vencedorri egindako falta adierazteko. Aitzitik, Rui Silvak geldiketa bikaina egin dio Raul Garciari.
Garaipen horri esker bilbotarrek sailkapeneko zortzigarren postuari heldu diote 33 punturekin.
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic: Unai Simón; Capa, Nuñez (Yeray, 46. min), Balenziaga, Lekue (Berenguer, 84. min); Ibai (De Marcos, 69. min), Dani García, Vencedor, Morcillo; Sancet (Raúl García, 69. min) eta Villalibre (Williams, 77. min).
1 - Granada: Rui Silva; Foulquier, Germán, Domingos Duarte, Quini (Víctor Díaz, 46. min); Montoro (Yan Eteki, 86. min), Yangel Herrera; Antonio Puertas (Adrián Marín, 82. min), Domingos Quina (Soldado, 60. min), Fede Vico (Kenedy, 60. min); eta Jorge Molina.
Golak: 1-0, 3. min: Villalibre. 1-1, 78. min: Jorge Molina. 2-1, 91. min: Berenguer.
Epailea: Juan Martínez Munuera. Txartel horiak: Dani García eta Vencedor (Athletic); Yangel Herrera (Granada).