Athletic Club
Santander Liga
Athleticek porrota jaso du Atletico Madrilen aurka eta bolada onari agur esan dio
A. B. | EITB Media
Bilboko taldeak 2-1eko emaitzarekin galdu du Ligako 18. jardunaldiko atzeratutako partida, Wanda Metropolitanoan irabazten hasi den arren.
Athleticek porrota jaso du Atletico Madrilen aurka (2-1) jokatu duen 18. jardunaldiko atzeratutako partidan, eta Bizkaiko taldearen bolada ona eten egin da. Europa Ligarako postuetan egoteko lehian sartzeko aukera galdu du Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak.
Lehen hamabost minutuetan Atletico Madril izan da baloiaren jabe, baina ez du abagune argirik sortu. Pixkanaka, Athletic hobetzen hasi da, neurketa parekatuz. Bilbo taldeak 21. minutuan izan du lehen abagunea eta gola sartu du; De Marcosek pase sakona eman dio Williamsi, honek baloia area barruan jarri, eta Muniainek sare barrura bidali du errematea (0-1).
Gola sartu ostean nagusi izan da Marcelinok zuzentzen duen taldea. Arriskua sortu du Oblak atezainak babestutako ate inguruan, nahiz eta azken errematea egitea falta izan zaion. Lehen zatia amaitzear zenean, epaileak erlojua begiratu du eman duen minutu bateko luzapena gaindituta zegoelako, baina Atletico Madrili jokaldia bukatzen utzi dio hala ere, eta Llorentek banakoa jarri du markagailuan (1-1).
Bigarren zatiaren hasieran maldan gora jarri zaio norgehiagoka Athletici, 50. minutuan Nuñezek falta egin baitio Luis Suarezi area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Luis Suarezek jaurti du, eta 2-1ekoa sartu du Unai Simon gaindituta.
Ondoren, Athletic golaren bila joaten saiatu da, baina Atletico Madril sendo ibili da defentsako lanean, eta Bizkaiko taldeak ezin izan dute abagune argirik sortu. Azken txanpan izan ditu onenak; Unai Nuñezen errematea Oblakek gelditu du 90. minutuan, eta partidako azken jokaldian Berenguerrek ateratako falta ona Madrilgo taldeko atezainak desbideratu du.
Fitxa teknikoa:
2 - Atletico Madril: Oblak; Trippier, Savic, Felipe, Hermoso; Llorente (Lodi, 88. min), Koke, Lemar (Saul, 67. min), Carrasco (Kondogbia, 88. min); Joao Felix (Correa, 67. min) eta Luis Suarez (Torreira, 72. min).
1 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos (Capa, 80. min), Unai Nuñez, Yeray, Yuri; Berenguer, Unai Lopez (Vencedor, 73. min), Vesga (Dani Garcia, 59. min), Muniain (Morcillo, 80. min); Raul Garcia (Villalibre, 73. min) eta Williams.
Golak: 0-1, 21. min: Muniain. 1-1, 47. min: Llorente. 2-1, 51. min: Luis Suarez, penaltiz.
Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak atera dizkie Felipe (43. min) eta Lodi (93. min) Atletico Madrileko jokalariari, baita De Marcos (37. min) eta Vesga (41. min) Athleticeko futbolariei.