Publizitatea
Itxi

2021/04/17

23:21

Athletic Club

Sevillan

Bigarrenean ere, agur Kopari (0-4)

L. E. A. | EITB MEDIA

Athleticek Errege Kopako bigarren finala galdu du bi asteren buruan, oraingoan, Bartzelonaren aurka. Kataluniarrek lau gol egin dituzte 12 minutuan, 60. minututik 72. minutura bitartean.

  • Bartzelonako jokalariak, goletako bat ospatzen

    Bartzelonako jokalariak, goletako bat ospatzen. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Athleticek galdu egin du Bartzelonaren aurka jokatutako 2021eko Errege Kopako finala, 0 eta 4, duela bi aste 2020koa Realaren aurka galdu ostean. Kataluniarrak bilbotarrak bainoa skoz gehiago izan dira partida hasieratik.

Lehen zatian, kataluniarrek izan dute baloia ia denbora osoan, baina izandako aukerak ez dituzte asmatu. Athleticek lanak izan ditu aurkariari eusteko, eta defentsan hustu behar izan ditu indarrak.

Laugarren minutuan, Frenkie De Jong holandarrak zutoinera egin du errematea, Messiren pasea jaso ostean. Argentinarrak ere gola egiteko aukera izan du lehen zatian, Antoine Griezmannek emandako pase bat aprobetxatuta, baina baloia ez da azkenean Unai Simonen atean sartu.

Zuri-gorriek ere gola egiteko aukera izan dute, bakarra, lehen zati honetako 12. minutuan eta falta baten ondorioz, baina Iñigo Martinezek ez du errematean asmatu.

Atsedenaldiaren atarian, jokoak behera egin du eta Bartzelonaren erasoak ere gutxiago izan dira.

Golak, bigarren zatian

Atsedenaldiaren ostean erabaki du finala Koemanen taldeak. Frenkie de Jongek Griezmanni pasea eman dio eta Realeko jokalari ohiak kataluniarren lehena egin du 60. minutuan. Bigarrena, De Jongek berak sartu du hiru minutu geroago.

Hurrengo biak Leo Messi argentinarrak egin ditu, 68. eta 72. minutuetan, Athletic ia amore emanda egon denean.

Horrela, Bartzelona da Errege Kopako txapelduna, 2018an irabazi zuen titulua azken aldiz. Athleticek, berriz, bigarren finala galdu du bi astetan, aurrekoan Realaren aurka galdu ostean.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Unai Simón; De Marcos, Yeray (Unai Núñez, 67. min), Íñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer (Vesga, 54. min), Dani García, Unai López (Yuri Berchiche, 67. min), Muniain (Lekue, 46. min); Raúl García, Williams (Villalibre, 67. min).

4 - Bartzelona: Ter Stegen; Mingueza (Dembélé, 87. min), Piqué (Araújo, 81. min), Lenglet; Dest (Sergi Roberto, 74. min), De Jong, Busquets, Pedri (Ilaix Moriba, 81. min), Jordi Alba; Messi, Griezmann (Braithwaite, 87. min).

Golak: 0-1, 60. min: Griezmann. 0-2, 63. min: De Jong. 0-3, 68. min: Messi. 0-4, 72. min: Messi.

Epailea: Juan Martínez Munuera (Valentziako batzordekoa). Laguntzaile izan du José Luis González González (Gaztela Leon) VAR-ean. Athleticeko Dani Garciari txartel horia atera dio (39. min).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena