Itxi

Athletic Club

1-0

Athleticek galdu egin du Huescaren aurka, partida kaskarra jokatuta

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak porrota jaso du Alcorazen jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partidan. Sandro Ramirezek sartu du neurketako gol bakarra, 61. minutuan.

0
Huesca – Athletic Club

Athleticek porrota jaso du Huescaren aurka (1-0) Alcorazen asteazken honetan jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partidan. Itxura kaskarra eskaini du talde zuri-gorriak, eta jada ez du Europako postuetan sartzeko aukerarik.

Huesca nagusi izan da hasieratik. Etxeko taldea mailari eusteko lehian murgilduta dago, eta igarri egin da Athleticek baino askoz gehiago zuela jokoan. Erasora jo eta jo ibili da Huesca lehen minututik, nahiz eta kosta egin zaion abagune argiak sortzea. David Ferreiro bikain ibili da, eta protagonista izan da Aragoiko taldearen erasoko jokaldi guztietan. Lehen aukera argia 34. minutuan izan du Huescak, Vavrok zelai erditik baino atzeragotik atera jaurti eta baloiak Unai Simonen ateko langa jo ostean. Athleticen erantzuna atsedenaldiaren aurretik iritsi da, Alvaro Fernandez atezainak gelditu duen Iñigo Martinezen erremate baten bidez.

Bigarren zatian ere, nagusi izan da Pachetak zuzentzen duen taldea, eta saria jaso du 61. minutuan. Sandro Ramirezek area kanpotik jaurti du, eta Unai Simonek huts galanta egin ostean, baloia sare barrura sartu da (1-0).

Gola jaso ostean, talde zuri-gorria saiatu da berdinketaren bila jotzen. Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak aldaketak egin ditu, baina ez dute fruiturik eman. Sancetek izan du Athleticen abagune bakarra, baina jokaldi ona egin ostean, jaurtiketa oso desbideratuta joan zaio. Azkenean, Huescak merezitako garaipena lortu du.

Fitxa teknikoa:

1 - Huesca: Alvaro Fernandez; Maffeo (Pedro Lopez, 81. min), Vavro, Pulido, Siovas, Javi Galan (Escriche, 73. min); Mikel Rico (Sergio Gomez, 73. min), Seoane, Ferreiro (Mosquera, 85. min); Sandro (Doumbia, 73. min) eta Rafa Mir.

0 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Nñez, Iñigo Martinez, Balenziaga; Ibai (Berenguer, 67. min), Vesga (Vencedor, 73. min), Unai Lopez, Morcillo (Raul Garcia, 67. min); Sancet eta Villalibre (Williams, 73. min).

Golak: 1-0. 61. min. Sandro.

Epailea: Figueroa Vazquez. Txartel horia atera dio Unai Lopez Athleticeko jokalariari.