Athletic Club
BBVA Liga
Txapeldunen Ligako postuetarako borroka San Mamesetik pasatuko da
Erredakzioa
Athleticek Espanyolen kontra jokatuko du larunbat honetan, San Mamesen, Kataluniako taldea sailkapenean aurreratzeko helburuarekin.
-
Fernando Llorenteren artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Athletic Espanyolen kontra arituko da larunbat honetan, San Mamesen (18:00), Txapeldunen Ligako postuetara heltzeko helburuarekin. Bilbotarrak seigarren postuan daude eta Kataluniakoak, berriz, bosgarrenean. Hori dela eta, ezinbestekoa izango da garaipena lortzea Txapeldunen Ligako postuetara heltzeko.
Athletic une onean dago, Rayoren eta Mirandesen kontra jarraian irabazi eta gero. Gainera, Fernando Llorente sasoiko dago, eta bost gol sartu ditu azken bi partidetan.
Marcelo Bielsak partida honetan titularrak hasieratik zelairatzea espero da, joan den astean Rayoren kontra aldatu eta gero. Espanyol fitxaketa berriekin, Philipe Coutinhorekin eta Kalu Ucherekin, helduko da San Mamesera, baina ziur aski ez dira hasieratik aterako.
Balizko hamaikakoak:
Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martínez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe; Susaeta, Herrera, De Marcos, Muniain; eta Llorente.
Espanyol: Kiko Casilla; Javi López, Héctor Moreno, Raúl Rodríguez, Dídac Vilà; Forlín, Romaric, Baena; Weiss, Verdú eta Rui Fonte.