Itxi

Athletic Club

15. JARDUNALDIA

Athleticek denboraldiko zortzigarren berdinketa pilatu du Granadaren aurka (2-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zuri-gorriak irabazten hasi dira partidako 10 minutua bete denerako, baina hutsegiteak egin dituzte, eta andaluziarrak aurretik jarri dira lehen zatian. Bigarrenean, bilbotarrek berdinketa erdietsi dute bisitariek euren atean sartutako golarekin.

0
Athletic vs Granada: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek eta Granadak bian berdindu dute San Mamesen jokatutako partida eroan (2-2). Etxekoak laster jarri dira agintzen markagailuan partida Raul Garciaren golari esker. Aitzitik, atsedenaldia baino lehen, Darwin Machis venezuelarrak eta Jorge Molinak markagailua irauli dute. Bigarren zatian, zuri-gorriak, gutxien-gutxienez, puntu bat lortzeko gai izan dira, Luis Maximiano atezainak bere atean sartu duen golaren bidez, jokaldi zoro baten ostean.

Zuri-gorriak gogotsu zelairatu dira, goian presioa egiten. Hala, Muniain argi ibili da Montorok Granadaren atzealdean egindako pase bat mozteko eta area barruan sartzen ari zen Raul Garciari erdiratzeko. Gaurkoan aurrelari lanetan jardun duen nafarrak ez du aukera barkatu Maximiano gainditzeko (10. min).

Etxekoek egin bezala, Robert Morenoren taldeak ere gola erdietsi du bere taldeak sortutako arriskuko lehen jokaldian: Machisek, Jorge Molinaren eskutik baloia jaso ondoren, Lekue atzean utzi eta jaurtiketa gurutzatuarekin Unai Simonen ahalegina ezerezean utzi du (25. min).

Hamar minutu baino geroago, andaluziarrek neurketari buelta ematea lortu dute, atzelari bilbotarrak baino iaioago ibili den Molinak arrakastaz bukatu duen kontraeraso batean, Machisen lehen jaurtiketaren aldaratzea jaso eta gero (34. min). Germanen lesioak (Abrahamek ordezkatu du) bakarrik goibeldu du andaluziarren erreakzioa lehen zatian.

Ez da hura izan granadarrek pairatu behar izan duten ezusteko bakarra; izan ere, bigarren zatian Machis eta Rochinak ere zelaia utzi behar izan dute min hartuta.

Ate bakoitzeko langek Raul Garciaren eta Luis Suarezen bi aukera argi zapuztu dituzte. Batez ere, nabarmena izan Athleticeken jokalariaren kasuan, hark jaurtiketa ikusgarria egin baitu zelai-erdi ingurutik, eta bete-betean egin du topo Granadaren zutoinaren kontra. Suarezen kasuan, berriz, erdiraketa bat egin du, eta Balenziagaren gorputzean jo ostean amaitu du Simonen langaren aurka, ozta-ozta.

Hala ere, minutu batzuk geroago zutoina lagun izan du Athleticek: Iñaki Williamsek buruz burukoa irabazi dio Maximianori, baina Abrahamek atepetik atera du baloia. Dena den, lurrean zegoen Granadako atzelari baten aurka jo du, gero zutoinean eta azkenerako atezaina bera izan da baloia ate barrura bidali duena.

INFORMAZIOA OSATZEKO LANEAN ARI GARA

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Unai Simón; Lekue, Yeray, Íñigo Martínez, Balenziaga (Petxarroman, 76. min); Nico Williams, Vencedor, Dani García (Zarraga, 59. min), Muniain; Sancet (Iñaki Williams, 59. min) eta Raúl García.

2 - Granada: Maximiano; Quini, Germán (Abram, 45. min), Torrente, Escudero; Gonalons, Montoro, Rochina (Yan Eteki, 65. min), Machís (Carlos Neva, 53. min); Luis Suárez eta Jorge Molina.

Golak: 1-0, 10. min: Raúl García. 1-1, 25. min: Machís. 1-2, 34. min: Jorge Molina. 2-2, 76. min: Maximiano, bere atean.

Epailea: Adrián Cordero Vega. Txartel gorria atera dio Iñigo Martinezi 99. minutuan. Horrez gain, Txartel horiak atera dizkie Rubén Uría Athleticeko bigarren entrenatzaileari eta Zarragari eta Montoro Granadako jokalariari.