Itxi

Athletic Club

1-0

Athleticek galdu egin du Real Madrilen aurka, partida ona jokatu arren

A. B. E. | EITB MEDIA

Talde zuri-gorriak galdu egin du (1-0) Santiago Bernabeu estadioan jokatu duen Santander Ligako 9. jardunaldiko norgehiagoka, atzeratutako partida.

0
Real Madril vs Athletic: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athleticek galdu egin du (1-0) Real Madrilen aurka asteazken honetan Santiago Bernabeun jokatu duen Santander Ligako 9. jardunaldiari dagokion norgehiagoka, atzeratutako partida. Madrilgo taldeak lidergoa sendotu du, eta zuri-gorriek 20 punturekin jarraitzen dute sailkapeneko 8. postuan.

Norgehiagokako lehen minutuan, Ferland Mendyk pase kaskarra eman dio Thibaut Courtois atezainari, eta Iñaki Williams ez da gutxigatik iritsi. Ondoren, Benzemak bi abisu eman ditu, 7. eta 11. minutuetan, baina Unai Simon atezainak gelditu egin ditu aurrelari frantziarraren jaurtiketak. Neurketako 23. minutuan, Eder Militaok huts egin du defentsan, baloia Iñaki Williamsi iritsi zaio, eta jokalari zuri-gorria errematea egiteko prest zegoenean, Real Madrileko jokalari brasildarrak konpondu egin du segundo batzuk lehenago egin duen hutsa, baloia kornerrera bidalita. Minutu bat geroago, Alaba izan da kale egin duena, Iñaki Williamsek ez du kontrol ona egin, eta alferrik galdu du gola sartzeko aukera.

Lehen minutuetan Real Madril nagusi izan bada ere, Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldeak irauli egin du partidaren dinamika. Courtois atezainak Athleticen gola eragotzi du 27. minutuan, Raul Garciaren errematea geldituta. Talde zuri-gorriak gehiegi barkatu du, eta Real Madrilek aurrea hartu du markagailuan; Asensiok area kanpotik jaurti, Unai Simonek desbideratu, Modricek baloia txarto jo, eta Benzemak gola sartu du (1-0) area barrutik egindako errematearekin Unai Simon gaindituta.

Bigarren zatian, berdinketaren bila jo du Athleticek, eta abagune argiak izan ditu. Dani Garcia gola sartzetik gertu egon da 60. minutuan, baina Lucas Vazquez gurutzatu da baloia aldentzeko. Bederatzi minutu geroago, Unai Nuñezen errematea gutxigatik joan da kanpora, Muniainek ateratako falta baten ostean.

Neurketako azken txanpan, Courtois atezaina izan da protagonista berriro, gola saihestu baitu Oihan Sancetek area barruan egin duen errematea desbideratuta. Luzapenean, Athleticek falta bat izan du bere alde, Real Madril atzean sartuta egon da amaiera eskatzen, baina zuri-gorriek ezin izan dute errematerik egin azken jokaldian. Amaieran, Athletic galtzaile (1-0).

Fitxa teknikoa:

1 - Real Madril: Courtois; Lucas Vázquez (Nacho, 80. min), Militao, Alaba, Mendy; Casemiro, Modric (Valverde, 70. min), Kroos (Camavinga, 80. min); Marco Asensio (Rodrygo, 63. min), Vinicius eta Benzema.

0 – Athletic Club: Unai Simon; Lekue (Oscar de Marcos, 46. min), Nuñez, Yeray, Balenziaga; Zarraga, Vencedor (Nico Williams, 63. min), Dani Garcia, Iker Muniain (Alex Berenguer, 69. min); Raul Garcia (Oihan Sancet, 69. min) eta Iñaki Williams.

Golak: 1-0, 40. min: Benzema.

Epailea: Diaz de Mera. Txartel horia atera die Modric (68. min) eta Casemiro (78. min) Real Madrileko jokalariei, baita Zarraga (30. min), Lekue (43. min) eta Iñaki Williams (78. min) Athleticeko jokalariei ere.