Itxi

Athletic Club

Europa League

Giro zuri-gorria Bilbon Athletic-Manchester partidaren atarian

Erredakzioa

Joaneko partidaren aldeko markagailuagatik fidatzerik ez dago eta Athleticek sailkapena baieztatu beharko du. United eskarmentu handiko arerioa da eta kanporaketa ez dago erabakita.

01:21
Bilbo zuri-gorriz jantzi da

Europako lehiaketa batean final-laurdenetarako txartela lortzen saiatuko da gaur Athletic (19:00etan). Manchetser United handiaren aurka joaneko norgehiagokan egindako lan ona baieztatu beharko dute zuri-gorriek, baina oraingoan San Mamesen bultzada izango dute bilbotarrek.

Europa Leagueko final-zortzirenetako kanporaketa Ametsen Antzokitik Katedralera pasako da. Ingalaterrako partida ikaragarrian lortutako abantaila aprobetxatu behar dute bizkaitarrek etxean. Deabru gorriak aurretik eraman zituen Athleticek Old Trafforden, eta Manchester Unitedek joaneko 2-3koa irauli behar du orain.

Joaneko partidaren aldeko markagailuagatik fidatzerik ez dago eta Athleticek sailkapena baieztatu beharko du. United eskarmentu handiko arerioa da eta kanporaketa ez dago erabakita. Ingelesen denboraldia nahiko eskasa izaten ari da Europan, etxean ahul azaldu direlako batez ere, baina Ingalaterrako liga irabazteko borroka egingo dute amaierara arte. Gainera, Manchester Cityri lidergoan kendu berri dio Unitedek, eta horrek kemena eman dio taldeari.

Bestalde, seguru aski lehen partidatik ondorioak atera dituzte deabru gorriek, eta ez dira berehala kanporaketa iraultzera aterako. Ingalaterrako taldeak bere aukera itxarongo du, izan ere, Marcelo Bielsaren mutilak ez dira atzean sartuko.

Talde zuri-gorriak neurketa ona eskaini nahi izango die San Mameseko jarraitzaileei. Joanekoan Ametsen Antzokiko harmailetan taldea bultzatu zuten zaleek eta gaur San Mames lepo izango da. Athleticek ez du 1976/77 denboralditik final-laurdenetarako txartela lortzen, Juventusen aurka UEFA finala galdu zuenetik, alegia.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Susaeta, Iturraspe, Herrera, De Marcos; Muniain eta Llorente edo Toquero.

Manchester United: De Gea; Rafael, Ferdinand, Evans, Evra; Park, Scholes, Carrick, Young; 'Chicharito' eta Rooney.

Epailea: Cüneyt Cakir (TUR).