Itxi

Athletic Club

Superkopa (Finalerdiak)

Athleticek Superkopako finalera sailkatzea du helburu Atletico Madrilen aurkako partidan

EITB Media

Bilboko taldeak ostegunean jokatuko du Atleticoren kontra Espainiako Superkopako finalerdietako norgehiagoka, 20:00etan.

  • Athletic Club

    Athletic, finalerdietako partidaren bezperan egindako entrenamenduan. Argazkia: EFE

Athleticek Espainiako Superkopako finalerdietako partida jokatuko du Atletico Madrilen aurka ostegun honetan, urtarrilaren 13an, 20:00etan. Saudi Arabiako hiriburua den Riaden jokatuko da neurketa eta finalerako txartela egongo da jokoan.

Bilboko taldea da egungo txapelduna, eta titulua berresten saiatuko da, nahiz eta ez den faboritoa. Unai Vencedor eta Unai Nuñez min hartuta daude, ezingo dute jokatu, eta deialditik at geratu dira. Gainera, Villalibre ere ez da jokatzeko prest egongo, nahiz eta aurrelaria Riaden dagoen taldearekin. Capak lesioa gainditu berri du, eta Yuri Berchiche sendatze-prozesuko azken txanpan dago. Yuriren kasuan, Marcelino entrenatzaileak esan du, laster jokatzeko prest egongo dela.

Hamaikakoari dagokionez, badirudi Zarragak beteko duela Vencedorren hutsunea, nahiz eta Vesgak ere hasieratik jokatzeko aukerak dituen. Unai Simon izango da atezaina; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez eta Balenziaga jokalariek osatuko dute defentsako lerroa; zelai erdian Dani Garcia eta Zarraga edo Vesga egongo dira; hegaletan Muniain eta Berenguer; eta aurrealdean Sancet edo Raul Garcia, Iñaki Williamsekin batera.

Bestalde, Atletico Madril zalantza askorekin iritsi da Superkopara. Santander Ligan emaitza txarrak pilatu ditu azken boladan, eta Txapeldunen Ligan azken jardunaldian lortu zuen multzoen fasea gainditzea. Diego Pablo Simeonek zuzentzen duen taldean Savicek eta Griezmannek ez dute jokatuko, min hartuta baitaude.

Atletico Madrilen hamaikakoari dagokionez, Oblak izango da atezaina; Hermoso, Gimenez eta Felipe egongo dira erdiko defentsa postuetan; hegaletan Llorente eta Carrasco; Koke eta Kondogbia zelai erdian; eta Lemar, Correa eta Luis Suarez aurrealdean.

Ustezko hamaikakoak:

Atletico Madril: Oblak; Felipe, Gimenez, Hermoso; Llorente, Koke, Kondogbia, Lemar, Carrasco; Suarez eta Correa.

Athletic Club: Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Balenziaga; Dani Garcia, Zarraga, Berenguer, Muniain, Sancet eta Iñaki Williams.

Epailea: Cuadra Fernandez.

Estadioa: King Fahd Stadium.

Ordua: 20:00etan.