Itxi

Athletic Club

REAL MADRILEN AURKAKO FINALA

Athletic, laugarren Superkoparen bila

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zuri-gorriek aurreko denboraldian Bartzelonaren aurka lortutako titulua berrestea eta aurretik lortutakoei beste garaikur bat gehitzea dute helburu.

  • Athleticeko jokalariak joan zen denboraldian bartzelonari irabazitako finala ospatzen.

    Athleticeko jokalariak joan zen denboraldian bartzelonari irabazitako finala ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek Superkoparekin duen harreman ezin hobea luzatu nahi du igande honetan, Riadeko King Fahd International Stadiumean, sasoi betean dagoen Real Madrilen aurka.

Marcelino Garcia Toralen taldeak irauli egin behar izan zuen ostegunean Atletico Madrilen kontra jokatutako finalerdia (1-2); Carlo Ancelottiren jokalariek, ostera, luzapenean kanporatu zuten Bartzelona (2-3).

Hamargarren finala 2009tik

2009az geroztik jokatuko duen hamargarren finalean izango da Bilboko taldea, urtebeteren buruan jokatuko duen laugarrena, hain zuzen ere. Gainera, aspaldi honetan ez daki zer den Superkopan galtzea (bost lehia daramatza porrotik gabe), eta, hartara, jokatu dituen aurreko bi edizioetan garaikurra lortzeko gai izan da.

Dena den, Athletic ez da beti lehiakor agertzen finaletan. Izan ere, azken 13 urteetan jokatu dituen bederatzietatik, Superkopako bi baino ezin izan ditu irabazi; haatik, galdu egin ditu gainerako zazpiak: Kopako bost, Europa Ligako bat eta Superkopako beste bat.

Igande honetan halakorik gerta ez dadin, litekeena da Marcelinok berriro konfiantza jartzea finalerdietan Atletico Madrilen aurkako lehiari era bikainean buelta eman zioten jokalariengan. Egia da markagailua iraultzeko asmoz lau aldaketa egin zituela bigarren zatian; alabaina, entrenatzaile asturiarrak pozik bukatu zuen hasierako taldearekin. Bere aburuz, hastapeneko hamaikakoan jardun zuten jokalariek ondo eutsi baitzioten LaLigako egungo txapeldunari neurketako zati handi batean.

Zuri-gorriek nolabaiteko errebantxa nahi dute Real Madrilekin, denboraldi honetan elkarren aurka jokatutako ligako bi neurketetan madrildarrak atera baitziren garaile. Abenduan izan ziren biak: Bernabeun 1-0 nagusitu ziren zuriak; San Mamesen, 1-2. Madrileko lehiak egin zien bereziki kalte bilbotarrei, norgehiagoka irabazteko moduko hainbat aukera alperrik galdu zituztelako bertan.

Real Madrili dagokionez, Carlo Ancelotti madrildarren entrenatzaileak ez du bere talde kuttuna zelairatzeko parada izango finalean, defentsan bi hutsune nabarmen izango dituelako. Batetik, koronabirusak Dani Carvajal lehiatik kanpo utziko du berriz ere; bestetik, David Alabak oso aukera gutxi ditu jokatzeko, giharretako arazoa duelako. Ondorioz, Lucas Vazquez izango da berritasuna eskuin hegalean eta Nacho Fernandez arituko da Militaorekin batera atzealdean.

Aitzitik, entrenatzaile italiarrak ez du arazorik izango erasoko lerroan Santander Ligako bi aurrelari zorrotzenak plazaratzeko: Vinicius eta Benzema, Athleticentzat mehatxu handiak direnak.

Superkopako hiru garaikur

Athleticek Superkopako hiru titulu ditu bere palmaresean; hirurak, gainera, Bartzelonaren aurka irabazitakoak. Hirutan txapeldun eta birritan txapeldunorde gelditu izanak Athletic lehiaketa honetako hirugarren klub onena bihurtu du. Iaz Coruñako Deportivori kendu zion postu hori, hark ere hiru Superkopa dituelako, baina ez du beste finalik jokatu.

Athletic podiumean dago, Bartzelona (13 aldiz izan da txapeldun eta 11tan txapeldunorde) eta Real Madril (11 eta 5) taldeen ostean.

Bilbotarrek 1984an lortu zuten Superkopa lehen aldiz, Errege Kopa irabazita Bartzelonaren aurka (1-0, Endika). Denboraldi horretan Liga ere bereganatu zuenez, talde zuri-gorriak erdietsi zuen txapelketa; izan ere, sasoi horretan Liga eta Kopako txapeldunen artean bakarrik lehiatzen Superkopa.

Athleticen bigarren Superkopa berriagoa da. 2015ean irabazi zuen, 31 urte titulurik lortu gabe egon ondoren.

San Mamesen, 4-0eko emaitza lortu zuen, Mikel San Josek zelai erditik sartutako gol bati eta Aritz Adurizek egindako 'hat trick' bati esker. Camp Noun, berriz, 1-1 amaitu zuten itzulikoa, Aritz Adurizen golak markagailua parekatuta, Messiren golak zuri-gorrien artean urduritasuna zabaldu ostean.

Hirugarren Superkopa iaz irabazi zuen Athleticek. Garaipen oso garrantzitsua izan zen, zelai neutral batean lortutakoa, Sevillako Cartujan, finalaurrekoan Real Madril eta finalean Bartzelona garaituta. Bartzelonak Reala kanporatu zuen beste finalaurrekoan, penaltietan.

Marcelino Garcia Toralen jokalariek 1-2 menderatu zuten Real Madril (Benzema; Raul Garcia, 2, 1p) finalaurrekoan, eta finalean 2-3 Bartzelona, luzapenean (Griezmann, 2; De Marcos, Villalibre eta Iñaki Williams).

Eguzkia bueltatuko da

Ostirala eta larunbata egun euritsuak izan diren arren Saudi Arabiako hiriburuan, igande honetan eguzkia berriro ateratzea espero da. Baina tenperatura jaitsi egingo da finalaurrekoetan egon zenarekin alderatuta, eta 20 gradutik behera kokatuko da finalean.

Balizko hamaikakoak:

Athletic Club: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Íñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer, Zarraga, Dani García, Muniain; Sancet eeta Iñaki Williams.

Real Madril: Courtois; Lucas Vázquez, Militao, Nacho, Mendy; Casemiro, Kroos, Modric; Marco Asensio, Vinícius eta Benzema.

Epailea: César Soto Grado.

Futbol-zelaia: King Fahd International Stadium.

Ordua: 19:30 (21:30 Saudi Arabiako ordua).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena