Itxi

Athletic Club

EZ DA UTZITA ATERAKO

Ander Capak Athleticen jarraituko du denboraldi amaierara arte

EITB MEDIA

Bere ordezkariak klub zuri-gorriarekin hitz egiten egon dira eskuin hegalekoarengatik jasotako eskaintzak baloratzeko, beste talderen batean utzita joka zezan, baina elkarrizketek ez dute akordiorik ekarri.

  • Ander Capa eta Oliver Torres, nor baino nor gehiago 2019/202 denboraldian.

    Ander Capa eta Oliver Torres, nor baino nor gehiago 2019/202 denboraldian. Argazkia: EFE

Ander Capa Athleticeko jokalaria ez da Bilbotik aterako neguko merkatu honetan, nahiz eta azken egunetan behin eta berriz hitz egin den aukera horretaz. Horrela, EITB Mediak jakin ahal izan duenez, Capak zuri-gorri gisa beteko du Athleticekin duen kontratua, ekainaren 30ean amaituko dena.

Kluba eta Portugaleteko atzelariaren ordezkariak jokalariaren kontratua luzatzeko aukerari buruz egon ziren negoziatzen negua hasi baino lehen, baina elkarrizketa horietatik ez zen akordiorik atera, ez baitzetozen bat kontratuaren iraupenean: Athleticen eskaintza urtebeterako zen, 2023ko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere; armagin ohiak, berriz, gutxienez beste bi denboraldiz luzatu nahi zuen Bilboko egonaldia.

Horrenbestez, itxarotea zela aukera onena erabaki zuten Ibaiganen, futbolariaren bilakaera zein izango zen eta Marcelino Garcia Toral entrenatzailearen planetan sartzen zen ala ez ikusteko.

Aitzitik, egoera hori ez da gorpuztu, Portugaleteko atzelariak ez baitu minutu bakar bat ere jokatu denboraldi honetan, nahiz eta ohikoa den entrenatzaile asturiarrak emandako deialdietan haren izena bertan ikustea.

Izan ere, Iñigo Lekue, denboraldi hasieran bikain aritu dena, Oscar de Marcos beteranoa edota Bilboko taldean aurten debuta egin duen Alex Petxarroman donostiarra izan dira Marcelinok lehenetsi dituen aukerak eskuin hegaleko postua betetzeko, aurreko denboraldietan titular gisa aritu zenaren kaltetan.

Horren aurrean, Caparen ordezkariek hainbat elkarrizketa izan dituzte klubarekin, haien jokalariarengatik jasotako lagatze-eskaintzei buruz mintzatzeko, bere kontratuaren azken urtea jokatu gabe amaitu ez dezan. Hala ere, azken elkarrizketa horiek ere ez dira arrakastatsuak izan, eta, ondorioz, Ander Capak zuri-gorri gisa jarraituko du Ibaiganerekin duen lotura amaitu arte, eta, hartara, udan beste talderen batera libre joan ahal izateko.