Athletic Club
Garaipena
Nico Serranoren golak garaipena eman dio Athletici Rayoren etxean (0-1)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Urrezko hiru puntu lortu ditu talde zuri-gorriak gaur arte etxean partidarik galdu gabe zegoen taldearen aurrean.
Nico Serrano harrobiko jokalariak 29. minutuan egindako golak garaipena eman dio Athletic taldeari Rayo Vallecanoren etxean. Bilbotarra da denboraldi osoan Vallecasen irabaztea lortu duten lehen taldea.
Marcelino Garcia Toralek Iker Muniain kapitainaren baja garrantzitsua izan du, jokalariak larunbatean covid-19an positibo eman zuelako. Bere ordez Nico Serrano 18 urteko gaztea eta bigarren taldeko jokalaria zelairatu du. Serranok ez du aukera alferrik galdu eta gol bikaina egin du.
Gol hori, neurketako bakarra, 29. minutuan iritsi da. Baloia bigarren zutoinean hartu du Serranok, ezkerreko hankarekin kontrolatu du eta bere jaurtiketa Luca Zidane atezainaren atean sartu da.
Athleticen bigarren abisua izan da. Bilbotarrek ez dute sakontasun handia erakutsi Rayoren area inguruan aritu denean, baina arriskua sortu dute, Alex Berenguerrek areaz kanpotik egindako jaurtiketan, adibidez, baina desbideratuta atera zaio.
Andoni Iraolak entrenatzen duen taldea jokoaren erritmoa kontrolatzen saiatu da, baina joko nahasia egin dute eta lehen zatian ez dute arrisku handirik sortu. Radamel Falcao eta Alvaro Garcia jokalariek izan dituzte aukerarik argienak, urrutitik egindako jaurtiketen bidez.
Larri azken minutuetan
Bigarren zatiaren hasieran Athletic hobeto aritu da eta aukera oso argiak sortu ditu. Horietariko batean Nico Serrano izan da berriro ere protagonista, baina baloia langaren gainetik joan zaio, oso gutxigatik. Balenziaga ere saiatu da, baina Zidanek baloia ondo harrapatu du.
Bilbotarrak ez dira partida erabakita uzteko gai izan eta azken minutuetan sufritu egin dute. Rayo behin eta berriro saiatu da erasoan, ezkerreko aldetik batez ere, Alvaro Garciarekin, eta arriskua sortu du baina ez dute partida berdintzea lortu.
Fitxa teknikoa
0 - Rayo Vallecano: Zidane; Balliu, Catena, Saveljich, Fran García; Isi Palazón (Bebé, 85. min), Comesaña, Pathé Ciss (Nteka, 76. min), Álvaro; Trejo (Unai López, 76. min); eta Falcao (Sergi Guardiola, 67. min).
1 - Athletic: Unai Simón; Lekue, Vivian, Iñigo Martínez, Balenziaga; Berenguer, Zarraga (Nico Williams, 75. min), Dani García, Nico Serrano (Vesga, 62. min); Raúl García (Yuri Berchiche, 84. min) eta Iñaki Williams.
Gola: 0-1: 29. min Nico Serrano.