Itxi

Athletic Club

Primera Iberdrola Liga

Athletic, nagusi Eibarren aurkako euskal derbian

EITB Media

Zuri-gorriek 3-1eko emaitzarekin lortu dute garaipena talde armaginaren aurka Primera Iberdrola Ligako 20. jardunaldiko partidan.

1:22
Athletic Club - Eibar

Athleticek irabazi egin dio Eibarri (3-1) asteazken honetan Lezaman jokatutako Primera Iberdrola Ligako 20. jardunaldiko euskal derbia. Talde zuri-gorriak hirugarren garaipena jarraian lortu du eta sailkapenaren goialdean dago. Armaginak, aldiz, ez dira gai izan aurreko jardunaldiko garaipenari jarraipena emateko, eta jaitsiera postuetatik hiru puntura daude.

Lehen zatian nagusi izan da Athletic, eta talde zuri-gorriak zazpigarren minutuan lortu du lehen gola Lucia Garciaren bidez (1-0). Norgehiagokako estreineko gola sartu ostean ere, Bizkaiko taldeak armaginek baino hobeto jokatzen jarraitu du, eta 20. minutuan 2-0ekoa jarri du markagailuan Ane Azkonak.

Ondo bideratuta utzi du partida Athleticek hasierako minutuetan. Gainera, bigarren gola sartu eta gutxira, hirugarrena egin du Bizkaiko taldeak; Ane Azkonak bere bigarren gola sartu du eta hirugarrena Athleticentzat (3-0).

Norgehiagoka etxeko taldearen aldeko hiru goleko errentarekin atsedenaldira iritsiko zela ematen zuenean, Eibarrek desabantaila murriztu du, 41. minutuan; Kundananji izan da talde armaginaren golegilea (3-1).

Bigarren zatian ere baloiaren jabe izan da Athletic, partida kontrolpean izan du, eta abagune onenak talde zuri-gorriak izan ditu. Hala ere, atsedenaldiaren ostean, Bizkaiko taldeko jokalariak ez dira lehenengoan bezain fin ibili aurkariaren ate aurrean.

Eibarrek defentsako lana hobetu du bigarren zatian, baina erasoan ez du abagune argirik sortu. Gauzak horrela, Athleticek erdietsi ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

3.- Athletic Club: Quiñones, Oihane (Eunate, 63. min), Valdezate, Garazi, Moraza, Oguiza, Unzue (Mariana, 63. min), Azkona (Nekane, 63. min), Peke (Sara Ortega, 88. min), Lucia Garcia eta Arana (Erika, 78. min).

1.- SD Eibar: Malena, Ruth, Elba Verges, Queralt (Puyi, 63. min), Arene (Yonei, 80. min), Arola (Ane Campos, 46. min), Kuki (Sheila, 63. min), Aida (Natalie, 38. min), Noko, Kundananji eta Carmen.

Golak: 1-0, 7. min: Lucia Garcia. 2-0, 20. min: Azkona. 3-0, 25. min. Azkona. 3-1, 41. min: Kundananji.

Epailea: Paola Cebollada Lopez. Txartel horiak atera dizkie Valdezate (29. min) Athleticeko jokalariari, baita Kuki (53. min) Eibar taldeko futbolariari.