Itxi

Athletic Club

Igandean, 21:00etan

Athleticek eta Realak Europa begiz jota dutela neurtuko dituzte indarrak San Mameseko derbian

Agentziak | EITB MEDIA

Sailkapenean, lau puntuko aldea dago bi taldeen artean baina donostiarrek partida bat gutxiago jokatu dute.

  • Diego Rico, baja igandeko partidarako, eta Raul Garcia, lehen itzuliko derbian

    Diego Rico, baja igandeko partidarako, eta Raul Garcia, lehen itzuliko derbian. Argazkia: Efe.

Athleticek eta Realak euskal derbia jokatuko dute San Mamesen igandean, Europako postuak begiz jota dituztela. Donostiarrak Leipzigen aurka jokatu berri dute Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partida, eta zuri-gorriek lehia horretan egon nahi dute datorren denboraldian.

Sailkapeneko lehen sei postu horietan sartzeko helburu horretan, Athleticek zaplaztekoa hartu zuen aurreko jardunaldian Mallorcaren aurka jokatuta norgehiagokan. Bilbotarrek 3 eta 2 galdu zuten, Marcelino entrenatzailearen etsipenerako.

Horrela, zuri-gorriek 2022ko bolada ona eten zuten; ordura arte zazpi garaipen, bi berdinketa eta porrot bakarra zuten.

Realari aurre egiteko, Marcelinok Mallorcaren aurka baja izan ziren zenbait jokalari errekuperatu ditu: Iñigo Martinez, Yeray, Oscar de Marcos eta Unai Vencedor.

Realari dagokionez, Imanolek baja garrantzitsuak ditu, baina 2022ª hasi zenetik porrot bakarra jaso dute. Donostiarrek garaipena nahi dute Europako postuetan sartzeko eta sailkapenean lau puntura dagoen Athletic gehiago aldentzeko.

Adnan Januzaj, Diego Rico, Nacho Monreal, Carlos Fernandez eta Ander Barrenetxea baja dira, eta Isak zalantzan da, Leipzigen aurkako partidan ere jokatu barik geratu ostean.

Imanolek Sanseko jokalariak erabili beharko ditu, eta Mikel Oyarzabalen, Porturen eta Merinoren onena atera. David Silvari dagokionez, zalantza ugari daude bere egoera fisikoaren inguruan, eta Alemanian ere eserlekuan geratu zen.

Azken emaitzak, Realaren aldekoak

Azken urteetan, Realak Athleticek baino emaitza hobeak lortu ditu San Mamesen jokatutako derbietan. Azken hamar norgehiagoketatik hiru bakarrik galdu dituzte, eta azken hamarkadako estatistikak ere txuri-urdinen aldekoak dira.

Oraingoan, San Mamesen ez da Realeko jarraitzailerik izango, bilbotarrek ez baitute sarrerarik bidali % 85eko gehieneko edukiaren ondorioz leku guztiak Athleticeko bazkide eta harpidedunek betetzen dituztelako. Ondorioz, ez dute sarrerarik salgai jarri.

Ustezko hamaikakoak

Athletic: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Íñigo Martínez, Yuri; Berenguer, Vencedor, Dani García, Muniain; Sancet, Raúl García.

Reala: Ryan o Remiro; Gorosabel, Elustondo, Le Normand, Aihen Muñoz; Zubimendi, Merino, Rafinha; Portu, Oyarzabal, Sorloth.

Epailea: Juan Martínez Munuera (Comité Valenciano).

VAR sistemako epailea: Antonio Mateu Lahoz (Comité Valenciano).

Estadioa: San Mames.

Ordua: 21:00etan.