Athletic Club
Kopako finalerdiak
Athleticek finalerako txartela lortzea du helburu Valentziaren aurka, Mestallan
EITB Media
Zuri-gorriek Errege Kopako finalerdietako joaneko partida jokatuko dute talde valentziarraren kontra asteazkenean, 21:30ean. Joaneko neurketa bana berdinduta (1-1) amaitu zen.
-
Athleticeko jokalariak berotze ariketak egiten Realaren aurkako derbiaren aurretik. Argazkia: EFE
Athleticek Errege Kopako finalerako txartela lortu nahi du asteazkenean Valentziaren aurka Mestallan (21:30ean) jokatuko duen finalerdietako itzuliko partidan. San Mamesen jokatu zen joaneko norgehiagoka bana berdinduta (1-1) amaitu zen. Etxetik kanpo sartutako golek ez dute bikoitza balioko berdinketa kasuan.
Zuri-gorriek hirugarrenez jarraian egon nahi dute Kopako finalean. Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak atseden eman zien jokalari askori Bartzelonaren kontrako igandeko Ligako partidan, eta gustukoen duen hamaikakoa atera ahalko du finalerdietako itzulikoan. Nico Williams prest egongo da Mstallarako, lau aste lesionatuta egon ostean, Bartzelonaren aurka jokatu egin baitzuen. Unai Vencedorrek ere atzean utzi du jada lesioa; Realaren kontra minutu batzuk jokatu zituen, eta Camp Noun hasierako hamaikakoan egon zen. Yerayk min hartu zuen Bartzelonaren aurkako lehian, eta ikusi egin beharko da hamaikakoan sartuko den.
Hauxe izan liteke Marcilonok Valentziaren kontrako partida atera lezakeen hamaikakoa: Agirrezabala atean; De Marcos, Vivian, Iñigo Martinez eta Yuri defentsan; zelai erdian Dani Garcia eta Vencedor egongo dira; hegalak Muniain eta Berenguerrentzat izango dira; eta, Iñaki Williamsek eta Sancetek jokatuko dute aurrealdean.
Valentziari dagokionez, Jose Bordalas entrenatzaileak norgehiagoka berotu du asteazken honetan prentsaurrekoan egin dituen adierazpenekin; hala ere, Valentzia taldeko teknikaria lehia berotzen ibili da epaileak joaneko neurketaren amaiera adierazi zuenetik. Athleticek ordutegiengatik negar egin duela esan du, eta kexatu egin da Gil Manzano epaileak itzuliko norgehiagoka zuzenduko duelako.
Larunbatean Ligan Mallorcari irabazi zion Valentziak. Gainera, Gabriel Paulista, prest egongo da zuri-gorrien aurkakorako. Brasildarrak sartu zuen Mallorcaren kontra Valentziari garaipena eman zion gola. Zalantzan dago Jose Luis Gayaren parte-hartzea. Taldeko kapitaina min hartuta ibili da, baina astearte honetan taldekideekin batera entrenatu da.
Ustezko hamaikakoak:
Valentzia: Mamardashvili; Foulquier; Paulista, Diakhaby, Alderete, Gaya edo Lato; Soler, Guillamón, Bryan Gil; Guedes eta Duro.
Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Iñigo Martinez, Yuri; Berenguer, Dani Garcia, Vencedor, Muniain; Sancet eta Iñaki Williams.
Epailea: Gil Manzano.
Estadioa: Mestalla.
Ordua: 21:30ean.