Itxi

Athletic Club

LALIGA SANTANDER

Athletic Europarako borrokara itzuli da (2-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Marcelinoren taldeak partida bikaina jokatuta irabazi dio Atletico Madrili, eta puntu bakarrera jarri da egun zazpigarren postuan dagoen Vila-realengandik.

0
Athletic vs Atletico Madril: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Athletic Europarako sailkapena ematen duten postuetara hurbildu da larunbat honetan, Atletico Madrilen aurka neurketa ederra jokatu eta Simeoneren taldea 2-0 garaitu ostean. Iñaki Williams aurrelari zuri-gorriaren parte-hartzea erabakigarria izan da bi goletan.

Hala, Williams anaien arteko zaharrenak, gaurkoan Nico anaia gaztearekin batera titular izan denak, era bikainean hartu dio aurrea Gimenezi lehen zatiko 8. minutuan ezkerraldetik egindako lasterkaldi batean. Area barrura sartu, eta baloia bere anaiari erdiratzen saiatu denean, Mario Hermoso atzelariak moztu du baloia, baina bere ate barrura zuzendu aldaratzea nahi gabe.

Ondoren, bigarren zatian, Williams bera arduratu da Hector Herrerak Iker Muniaini areako marraren gainean bertan egindako penaltia jaurti eta sartzeaz, behin betiko 2-0ekoa ezartzeko balio izan duena.

Aipatu penaltia botatzeko garaian, Williamsek Karim Benzema Real Madrileko aurrelariak asteartean Manchester Cityren aurka egindako 'panenka' jaurtiketaren parekoa gauzatu du.

Garaipen honekin, zuri-gorriek jarraian eskuratzen duten bigarrena aurreko jardunaldian Cadizi irabazi eta gero (2-3), Athletic puntu bakarrera geratu da Europarako sailkapena ematen duen zazpigarren postutik, txapelketa amaitzeko lau jardunaldiren faltan.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Íñigo Martínez, Yuri (Balenziaga. 87. min); Nico Williams (Zarraga, 74. min), Dani García (Vencedor, 74. min), Vesga, Muniain; Raúl García (Vivian, 87. min) e Iñaki Williams (Berenguer, 77. min).

0 - Atlético: Oblak; Llorente, Giménez, Hermoso, Reinildo (Correa, 46. min), Lodi; Herrera (De Paul, 65. min), Kondogbia (Koke, 65. min), Carrasco (Cunha, 65. min); Griezmann eta Luis Suárez (Vrsaljko, 70. min).

Goleak: 1-0, 8. min: Hermoso, bere atean. 2-0, 55. min: Iñaki Williams, penaltiz.

Epailea: Antonio Mateu Lahoz. Txartel horiak: Dani García, Iñaki Williams eta Berenguer (Athletic): Hermoso, Reinildo eta Lodi (Atletico).