Itxi

Athletic Club

Santander Liga

Athleticek atzerapausoa eman du Europarako lehian, Granadaren aurka galduta (1-0)

A. B. E. | EITB Media

Talde zuri-gorriak porrota jaso du Carmenes estadioan jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partidan. Dani Garciaren hutsak eragin du andaluziarren gola eta neurketa baldintzatu du.

2:34
Granada - Athletic

Athleticek galdu egin du Granadaren aurka (1-0) astearte honetan (maiatzak 10) Carmenes estadioan jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partida, eta atzerapausoa eman du Europarako lehian.

Norgehiagoka kaskarra jokatu du Bilboko taldeak. Hasiera parekatua izan da, eta bi taldeei asko kostatu zaie abaguneak sortzea. Vencedorrek 15. minutuan kanpora bidali duen jaurtiketarekin eman du abisua Athleticek. Ondoren, Granadaren erantzuna etorri da, baina Colladok ez du asmatu area kanpotik egin duen jaurtiketarekin. Abagune gutxi izan dira lehen zatian, baina 35. minutuan Dani Garcia lokartu egin da baloia areatik ateratzerakoan, eta Colladok 1-0ekoa jarri du markagailuan, baloia berreskuratu eta sare barrura bidalita.

Ezinean ibili da Athletic, eta atsedenaldira iritsi aurretik, 44. minutuan, Uzuniren jaurtiketa ez da ate barrura sartu, oso gutxigatik. Gol bateko desabantailarekin joan dira zuri-gorriak aldageletara.

Bigarren zatiaren hasieran, Athletic ez da aurkariari min egiteko gai izan. Ondoren, Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak aldaketak egin ditu, eta Bilboko taldea hobeto jokatzen hasi da. Azken txanpara arte, bi taldeetako bat ere ez da gola sartzeko aukera argiak sortzeko gai izan. Partidako 85. minutuan, jokalari bat gutxiagorekin geratu da Athletic, 58. minutuan zelairatu den Vesgak bigarren txartel horia ikusi baitu.

Azken minutuetan izan ditu abagune onenak Bizkaiko taldeak; 88. minutuan, Williamsen errematea gora joan da, luzapenean ateratako korner baten ostean zuri-gorriek penaltia eskatu dute Zarragari heldu egin baitiote area barruan, baina epaileak ez du ezer adierazi. Jokaldi berean, baloia ez denez zelaitik irten, Granadak gola sartu du Luis Suarezen bidez, baina baliogabetu egin dute. Jokaldia VAR sisteman aztertu ostean, epaileak erabaki du ez dela Athleticen aldeko penaltirik egon, eta Andaluziako taldearen gola baliogabetu du, Suarez jokoz kanpo zegoelako.

Raul Garciak gertu izan du berdinketa 97. minutuan, baina nafarraren jaurtiketak zutoina jo du, aurkari bat jo ostean. Kornerrean, partidako azken jokaldian, Unai Simonen errematea kanpora joan da, gutxigatik.

Fitxa teknikoa:

1 - Granada: Maximiano; Quini, Víctor Diaz (German, 59. min), Domingos Duarte, Escudero; Gonalons (Yan Eteki, 78. min), Luis Milla; Antonio Puertas (Arias, 88. min), Alex Collado, Uzuni (Luis Suarez, 78. min); eta Jorge Molina.

0 - Athletic Club: Unai Simon; Lekue (Petxa, 5. min8), Vivian, Iñigo Martínez, Yuri; Dani Garcia (Vesga, 58. min), Vencedor (Zarraga, 68. min), Nico Williams (Iñaki Williams, 58. min), Muniain; Berenguer eta Villalibre (Raul Garcia, 73. min).

Gola: 1-0, (35. min) Alex Collado.

Epailea: Sanchez Martinez. Vesga Athleticeko jokalaria kaleratu du, bi txartel hori aterata (73. eta 85. minutuetan). Bestalde, txartel horia atera die Quini (41. min), Escudero (73. min), Domingos Duarte (87. min) eta Yan Eteki (92. min) Granadako jokalariei.